AKTUALITATEA


| 2026-06-30 10:07:00

USaP-Unibertsitatera sartzeko proban Euskara eta Literatura II ikasgaian ateratako notarekin konforme ez egoteagatik epaitegietara jo zuten Bilboko ikastetxe batzuetako ikasleei auzitegiek emandako erantzuna, unibertsitatera sartzeko prozeduran nota horiek kontuan ez hartzeko EHUri emandako agindua, alegia, onartezina da eta EH Bilduren gaitzespen irmoa merezi du, Ikoitz Arresek adierazi duenez. Izan ere, “USaP zuzentzeko sistema zalantzan jartzen du, milaka euskal ikaslerentzat bidegabekeria da eta aurrekari oso arriskutsua sor dezake”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, aurtengo selektibitateko Euskara azterketaren inguruan “sortu den zarata arduragabekeria larria da”, eta horren atzean “bultzada politikoa” dago. “Burbuila mediatikoaren eta azken orduetan ezagututako erabaki judizialen atzean bultzada politiko argia dago, eta hori guztia duela hilabete batzuetatik salatzen ari garen euskararen aurkako ofentsibarekin bat dator. Herri honetan badira euskararen eta, aldi berean, EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearen aurkako aurreiritzia sortzeko interes handia dutenak, eta ez euskarak, ez unibertsitate publikoak, ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan USaP egin duten milaka ikasleek ez dute tratu hori merezi”.

Horren haritik, Arreseri “bereziki kezkagarria” iruditu zaio “Jaurlaritzaren, Hezkuntza Sailaren eta hura sostengatzen duten alderdien jarrera, modu arduragabean zalantzan jarri baitute USaPeko zuzenketa-sistema, zeinak, gainera, berme guztiekin berrikusi dituen azterketak. Ez administrazioek, ez komunikabideek (batzuek), ez agintari politikoek ez lukete zalantza gehiagorik eragin behar. Alderantziz, erakunde publikoek, Jaurlaritzak kasu honetan, hezkuntzaren kalitatea bermatu beharko lukete, eta horrek, nahitaez, euskalduntze eraginkorra eskatzen du, Hezkuntza Legeak ezartzen duen bezala, eta hori gaur egun oraindik ez da erabat gertatzen, batzuk tematu zirelako A eredua blindatzen, eta horrek argi eta garbi, Lege horren helburua urratzen du”.

Amaitzeko, EH Bilduk erantzukizunez jokatzeko deia egin die inplikatutako eragile guztiei, polemika hau elikatu ez dezaten, honek kalte baino ez dielako egiten ikasleei eta euskarari, erakundeekiko konfiantza zalantzan jartzen duelako eta kolokan jartzen duelako, arrazoirik gabe, hezkuntza-komunitateak eta USaP bermatzen jardun duten profesionalek egindako lana.