EH Bilduk Osakidetzako azpiegiturak eta instalazioak klima larrialdiari egokitzeko inbertsio plan bat diseinatu dezala eskatu dio Osasun Sailari, 2003az geroztik Europa osoan ohiko bilakatu diren bero boladak osasun publikoko arazo garrantzitsu bihurtu direlako, Osasun Sailak berak onartu duenez. Eskaera Rebeka Uberak formalizatu du Legebiltzarrean, legez besteko proposamen baten bitartez, “gehiegizko tenperaturek osasunean dituzten ondorioei aurrea hartzeko planak prestatzea premiazkoa eta ezinbestekoa” delakoan.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “orain arte landutako planak jada ez dira nahiko, klima larrialdiaren ondorioak arintzeko balio izan dute kasurik hoberenetan, baina orain esku hartze integralagoak behar dira”. Hori horrela, “kronograma baten baitan, Osakidetzako azpiegiturak klima larrialdiaren aurrean egokitzeko inbertsio plan bat diseinatu eta onartu” dezala eskatu dio Osasun Sailari, eta horretarako egin beharreko lanetan lehentasun osoa eman diezaiela “herritar kritikoenak, hauskorrenak, ospitaleratuak egoten diren espazioei”. Halaber, azpiegitura soziosanitarioak diseinatzerakoan eta berritzerakoan, gainerako instituzioekin irizpideak eta inbertsioak adostu ditzala eskatu dio, “azpiegitura horiek muturreko gertakari meteorologikoen aurrean duten erantzun-gaitasuna hobetzeko eta eraikinetan zein ingurunean neurriak hartzeko”.
Uberak azaldu duenez, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren 1/2024 Legea garatzeak halako neurriak hartzea eskatzen du. “Legeak klima aldaketara egokitzeko egin beharreko urratsak zehazten ditu, eta, besteak beste, azpiegitura kritiko eta sentikorretan jartzen du begirada, estrategia global baten baitan. Argi dago eremu kritiko horien artean osasun arloko azpiegiturak daudela, anbulatorioak eta ospitaleak, alegia, eta, beraz, ezinbestean neurriak hartzen hasi beharra dagoela, herritar zaurgarrienak babesteko. Premiazkoa da, gainera, ezin dugulako normalizatu herritar horiek muturreko tenperaturen efektuak pairatzea edo, adibidez, zentro soziosanitarioetan, anbulatorioetan edota ospitaleetan langileek zein pazienteek 39 gradutan egon behar izatea. Halakoak gertatu dira azken asteotan, eta Osasun Sailak serio heldu behar dio arazo honi, soluzioak mahai gainean jartzeko”.