AKTUALITATEA


| 2022-07-28 12:25:00

Azken asteotan Osasun Sailak uda garaian osasun zentroetan murrizketak egiten ari direla ukatu du behin eta berriz, baina Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideari erantzunez Gotzone Sagardui sailburuak berak Legebiltzarrari igorri dion informazioak guztiz kontrakoa dio; alegia, murrizketak, handiak, egon badaudela eta, hortaz, EH Bilduk arrazoi horregatik egin duen salaketa etengabea oinarri sendoa duela.

Dokumentuak Erregistroa Txostena (legebiltzarra.eus) Osasun sailburuak emandako informazioaren arabera, Lehen Arretako 335 osasun zentro, anbulatorio eta kontsultorioen %44 (150) murrizketak pairatzen ari dira ekainaren 22tik irailaren 22ra bitartean. Kasu gehienetan ordutegia murriztu dute, baina badaude guztiz edo partzialki itxiko diren 47 zentro (Barrualde-Galdakaon, Tolosaldean, Goierri-Urola Garaian eta Donostialdean) eta erizanekin bakarrik, medikurik gabe, aritzera behartuta dauden beste 18 (16 Barrualde-Galdakaon eta 2 Goierri-Urola Garaian).

Datuak ikusita, Rebeka Uberak Osasun sailburuaren aitortza argia dagoela uste du. “Azken batean, Gotzone Sagardui murrizketak egon badaudela aitortzen ari da. Egia da egoera hau ohiko bilakatu dela urtero uda sasoian, baina aurten murrizketak nabarmen areagotu dira. Gertatzen ari dena bereziki larria da Lehen Arreta oso ukituta zetorrelako pandemia aurretik eta orain are ahulago dagoelako. Lehen Arreta Osakidetzarako sarbidea da eta inoiz baino beharrezkoagoa da sarbide hori erraztea, baina, horren ordez, Osasun Saila ate hori gehiago ixten ari da. Planifikazio falta eta antolaketa arazoak erakusteaz gain, agerian uzten ari dira erabaki horien atzean osasun sistema publikoa ahultzeko asmoa dagoela, eta azkenean herritarrak dira politika horien ondorioak pairatu behar dituztenak, Osasun saileko eta Osakidetzako arduradun nagusiek zenbaki hutsak balira bezala tratatzen ari direlako”.