AKTUALITATEA


| 2020-04-09 14:06:00

“Lakuako Ingurumen Sailak ez du ezer ikasi Zaldibarren”. Hala ondorioztatu du Mikel Oterok Jaurlaritzak beste zabortegi pribatu bat, Azkoitian oraingoan, irekitzeko baimena eman duela ikusirik. EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “larria eta onartezina da erabaki hori, Zaldibarko ezbeharrak zerbait irakatsi badu, zera izan da: hondakinen kudeaketa eredua ezinbestean aldatu behar da kontrol publikoa, egiazkoa, bermatu ahal izateko. Zaborren kudeaketa esku pribatuetatik publikoetara pasatu behar da, zabortegiak esku pribatuetan uzteak kontrol falta dakarrelako, eta hori oso garesti ordaindu dugu Zaldibarren. Han argi geratu da azpiegitura pribatu horietan kontrol publikoak ez direla nahiko eta Jaurlaritzak berak hala aitortu behar izan du. Beraz, ulertezina da orain Azkoitian akats berbera errepikatzea eta larria ere bada oharkabean egiten saiatzea, hain justu, alarma egoeran eta Legebiltzarra deseginda, kontrol parlamentarioa saihesteko”.

“Administrazioak urteetan sustatu duen hondakinen kudeaketa pribatua, ‘low-cost’ eredua, etekin pribatu azkarra helburu duena, ez da bateragarria esparru horretan ezinbestekoa den kontrol publiko zorrotzarekin”, azpimarratu du Oterok, eta gogorarazi du Zaldibarko ezbeharraren ostean Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak berak onartu zuela kudeaketa eredu pribatu hori ez ote zegoen agorturik, kontrol publikoak huts egin zuela ikusita, eta horri buruzko gogoeta sakona egin behar zela. “Agerikoa da baietz, hondakinen kudeaketa kontu esentziala dela jendartearentzat eta horrek, beraz, eskatzen duela horren inguruko planifikazioa, exekuzioa, kudeaketa eta kontrola publikoak izatea. Tamalez, Arriolari oso azkar ahaztu zaio Zaldibarkoaren ostean esan zuena, gezurrezko malkoak ziren. Azkoitian beste planta pribatu bat irekitzeko baimena emateak hala frogatzen du”.

Gainera, Oterok ohartarazi du Azkoitiko instalazio berrian, “helburua hondakinen balorizazioa dela dioten arren, biltegi bat egongo dela eta bertan lur kutsatuak, amiantoa barne, gordeko direla”.