AKTUALITATEA


| 2021-11-26 15:51:00

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Osasun Sailari eskatzeko oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzietan orain arte Covid-19 duten gaixoen artapenean aritu diren eta kaleratuak izan diren langileak berriro ere kontratatu ditzala. Rebeka Uberak (EH Bildu) eta Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos-IU) adierazi dutenez, “pandemiak Erkidegoan duen egoerak neurri hau berez justifikatzen du eta, egoera baretuko balitz, pertsonal gehiago edukitzeak ICTUS protokoloan, adibidez, hain beharrezko den prestakuntza erraztu dezake”.

Uberak eta Hernandezek Emergentzietan aritzen ziren langile horien kaleratzea salatu dute. “Kanporatuak izan ziren sasoian ere beharrezkoak ziren, kontuan hartuta Emergentziak-ek zituen premiak; nahiz eta orduan SARS-CoV-2 birusaren barealdian geunden. Gaur da eguna, negura hurbiltzen ari garen honetan, birusak goraldia izateaz gain, urtaro honetan izaten diren gainerako gaixotasunak ere azaleratzen hasiak direla, bai eta ospitaleratzeak ugaritzen ere. Halaber, urtaroko gaixotasunak eta pandemiaz gain, Emergentzietan badira makina bat premia erantzun beharrekoak, eta horretarako plantilla egokitu beharra dago, berriki kaleratutako langileak berreskuratzea gakoa izanik, bai prestakuntzan sakontzeko, bai artapenean hobekuntzak txertatzeko, bai ICTUS protokoloan aurrerapausoak emateko”.

Legez besteko proposamenarekin batera, Uberak eta Hernandezek oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzietan aritzen diren langileen ordezkari sindikalak Legebiltzarreko Osasun Batzordean ager daitezela eskatu dute, Osakidetzako zerbitzu horren egoera zein den azal dezaten.