AKTUALITATEA


| 2022-11-28 14:18:00

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu du 2023ko aurrekontu proiektua Jaurlaritzari itzultzeko, “Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarren beharrak gero eta handiagoak diren honetan behar diren erantzunak ematen ez dituelako”, Maddalen Iriartek salatu duenez. Koalizioak 95 zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu, guztira, 450 milioi euro mugitzen dituztenak, soberakinetatik hartutako 309 milioi barne. Besteak beste, ondorengo proposamenak jaso ditu zuzenketa horietan:

  • Osakidetzako kategoria guztietan ratioak ezartzea eta Emergentziak bere osotasunean publifikatzea.
  • Seme-alabengatiko laguntzak (200 euro) 18 urte arte modu progresiboan zabaltzea.
  • Gazteentzako enplegu programa berri bat martxan jartzea, gutxienez 1.400 euroko soldatak bermatuko lituzkeena.
  • Alokairu sozialeko parke publikoa handitzea.
  • Garraio publikoa doakoa izatea 12 urtetik beherako umeentzat.
  • Bonu energetiko bat sortzea.
  • Enpresa estrategikoak eta egoera okerrenean dauden eskualdeak babestea.

Iriarteren iritziz, “aurrekontuen tramitazioak argi utzi du, batetik, Jaurlaritzak ez duela akordio batera iristeko asmorik izan eta, bestetik, aurrekontua onartu aurretik ere iraungita dagoela”. Izan ere, “Gobernua bera, EAJ eta PSE, ari dira orain proiektuan jaso ez diren neurriak iragartzen, izan garraio publikoaren deskontuak, izan familientzako laguntzak; azken batean, aitortzen ari dira euren aurrekontua ez dela nahikoa, motz geratzen dela beharrak asetzeko. Gobernuari errealitatea gainetik pasa zaio”.

Iriartek gogora ekarri du EH Bildu eta Jaurlaritza akordio batera heldu zirela iaz aurrekontuen tramitazioan, eta azaldu du aurten ere koalizioak borondate berarekin ekin diola eztabaidari, “adostasunak lantzeko prest”. Prozesuak, baina, agerian utzi du Lakuan ez zeukatela inolako asmorik iazko akordioa errepikatzeko, nahiz eta “une honetan ukaezinak diren eta erantzunak premiaz eskatzen dituzten errealitateak ipini ditugun mahai gainean. Gurea zentzu komuneko proposamena izan da, zeren eta zer gehiago gertatu behar da Osakidetzan plantilla sistemaren beharrei egokitzeko? Noiz arte itxaron behar dute gazteek kontratu duinak edukitzeko edota alokairuen prezioak onargarriak izan daitezen? Zeren zain egon behar dute berogailua piztu ezin duten milaka familiek?”.

Horren haritik, EH Bilduko bozeramaileak azpimarratu du “gaur egun eta datozen urteotan aurre egin beharko diegun erronka handi horiek guztiek erantzun estrukturalak behar dituztela, ez partxeak, jendeari ziurtasunak emateko eta ongizatea eta justizia soziala bermatzeko. Jaurlaritzaren aurrekontuak norabide horretan ipini behar ditugula uste dugu, baina Gobernuaren aldetik jaso dugun erantzuna marra gorriz betea egon da eta egiturazko arazo horiei heltzeari uko egin dio”.

“Anbizio eta proiektu falta” ikusi du Iriartek EAJ-PSE Gobernuak emandako erantzunean. “Une honetan aukerak eta baldintzak ditugu erantzun estruktural ausartak artikulatzeko, oinarrizko eskubideak bermatzeko, zerbitzu publikoen degradazioa gelditzeko, herritarrei segurtasuna emateko, gazteei emantzipatzeko aukerak eskaintzeko, enpresa estrategikoak babesteko, klima larrialdiari aurre egiteko eta sortzen den aberastasuna era egokian banatzeko. Momentua orain da, aukera ekonomikoak ditugulako: diru-bilketa oso altua, aurrekontuen gerakinak, Europako funtsak eta Europako arau fiskalen etenaldia. Hala eta guztiz ere, Urkulluren Gobernuak paradoxa batera garamatza: dirua eta posibilitate ekonomikoak ditugu; beharrak ere baditugu, handiak gainera, baina Lakuan borondate politikoa falta da. Ez du errealitatea irakurtzen jakin eta, hortaz, ez da gai momentuak eskatzen duen tamainako apustua egiteko, ez da gai antizipazio ariketa politiko bat gauzatzeko eta, kontserbadurismoak eta anbizio faltak eramanda ez ditu eskura dituen baliabide ekonomiko guztiak baliatu nahi izan; beharrak eta erronkak kolosalak diren arren, planteatzen duen aurrekontua orain maneiatzen ari dena baino txikiagoa da”.