AKTUALITATEA


| 2024-09-13 10:51:00

EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du Jaurlaritzak hasi berri den legealdian Berdintasun arloan garatu eta bultzatu nahi dituen politikak azaltzea, eta ez zaio onargarria iruditzen datorren astelehenean Legebiltzarrean hasiko diren sailburuen agerraldiek funtsezkoa den gai hori kanpo uztea, inolako azalpenik gabe. Hori dela eta, Oihana Etxebarrietak Lehendakaritzan Berdintasun politikak sustatzearen erantzukizuna izango duten arduradunak ere Legebiltzarrean ager daitezela eskatu du gaur.

Nabarmendu duenez, “legegintzaldirako asmo eta planteamenduek, ezinbestean, genero parekidetasunaren norabidean kokatutako egitasmoak izan behar dituzte, feminismoak zeharkakoa izan behar baitu politika publikoetan eta gobernantzan. Horregatik, hori sustatzeko ardura duen Lehendakaritzak azaldu beharko luke nola egin asmo duen. Indarkeria matxistaren kontrako politikei, zaintza sistema publiko komunitarioari eta Berdintasun politiken egiturei buruzko analisia ezagutu eta honen aurrean hartu nahi den lan jardunaren berri izan nahi dugu”.

Etxebarrietak gogorarazi du EH Bilduk ondo baloratu duela Emakunde Lehendakaritzara itzuli izana, Pradalesen Gobernuaren erabaki hori “Urkulluren kudeaketa eta erabakiak zuzentzera” datorrelakoan. “Gainera, kontuan izan behar dugu duela gutxi Berdintasun Legea berritu egin zela eta, beraz, honek tresna eta ardura berriak ezartzen dizkiela instituzioei. Honen aurrean, hartu beharreko neurriak ezagutzea ere beharrezkoa izango da”.