Pradales Gobernuak bere lehenengo sei hilabeteak beteta, EH Bilduk horren inguruko balantzea egin du eta 2025. urteari begira jarri da, “urte erabakigarria izango baita zerbitzu publikoen kalitateari eta etxebizitza larrialdiaren zein ziurgabetasun ekonomikoaren ondorioei dagokionez”, Nerea Kortajarena bozeramaileak adierazi duenez. “Garrantzitsua deritzogu lehentasunak ongi markatu eta politika publikoen norabidea definitzeari. Izan ere, abenduan aurrera eraman genuen aurrekontuen negoziaketak kezka puntu bat eragin zuen gugan, ondorioztatu baitugu Gobernu hau ez dagoela ditugun arazo eta erronkei tamaina hartzen. Urruti herritarrek bizi duten egoeratik. Ez dakigu oraindik oso ongi Jaurlaritza hau ez ote dagoen arduratuago argazkian ongi ateratzearekin, gobernatzeak suposatzen duen ardura eta arrisku-hartzearekin baino”.
“EH Bildu –berretsi du Kortajarenak– egongo da eta dago politika publikoetan errotiko aldaketak eta norabide egokian planteatutako konponbideak biltzen dituzten akordioetan”. Alde horretatik, erantsi du, “Jaurlaritzak, eta are argiago EAJk eta PSEk, demostratu beharko dute 2025ak jarri dizkigun etxeko lanak seriotan hartzera doazela. EH Bildu ari da lanean eta horrela aritu izan da legegintzaldia abiatu zenetik. Horren emaitza dira Parlamentu honetan erdietsi ditugun akordio ezberdinak. Guk hemen zein kaleetan egiten dugun lana zerbaitek ardazten badu, herritarrak eta haien interes eta kezkak erdigunean jartzeko saiakera da”.
Horri jarraituz, ezker subiranistak Osakidetza bere ekimen parlamentarioaren erdigunean jarrita dauka. Hala, Rebeka Ubera legebiltzarkideak “EH Bilduk Osakidetza eraldatzeko duen borondatea” berretsi du, eta “parte aktiboa” izango dela norabide horretan lan eremu desberdinetan. Horretarako, esan du, ezinbestekoa izango dira “ausardia eta egungo egoeraren kausa nagusia izan den kudeaketa eredu agortua atzean uztea”. Osasun sistema publikoa ez dela gauetik egunera irauliko jakinda, Uberak “urrats determinanteak” eskatu ditu, hasi berri den urteak “erabakigarria izan behar” duelako alde horretatik.
Legebiltzarkideak azaldu duenez, EH Bilduk “Osasun Mahaian akordio on baterako norabidean lan egiteko konpromisoa” du, baina “hori, paraleloan, Osakidetzaren planifikazioan, kudeaketa ereduan, berrantolaketan eta pertsonala erakartzeko lanetan aldaketak emanaz egin nahi dugu. Ausardia, egiturazko neurriak eta kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatzeko ekimenean aurkituko duzue EH Bildu”, eta horren froga da gaur bertan Uberak publikoki aurkeztu dituen lau ekimen parlamentarioak pertsonal politikan (Lan Eskaintza Publikoetan), Lehen Arretan (begirada landa eremuan eta herri txikietan ere jarrita) eta Etengabeko Arreta Guneetan hobekuntzak sustatzeko.