Gasteizko klinika pribatu batek Gotzone Sagardui Osasun sailburu ohia Jaurlaritzaren oniritziarekin fitxatu duela argitara atera ostean, EH Bilduk baimen hori ematea ahalbidetu duen espediente osoaren kopia eskatu dio gaur Jaurlaritzari, horrelako prozeduretan legeak eskatzen dituen txosten guztiak barne. Izan ere, Lamia Arcas legebiltzarkideak gogorarazi duenez, “enplegu berriak Administrazioan egindako lanarekin zerikusirik izanez gero, goi-kargudunek bi urtez itxaron behar dute, legearen arabera, sektore pribatura itzuli ahal izateko, baina Jaurlaritzak epe hori ez errespetatzeko baimena eman dio Osasun sailburu ohiari”.
Jaurlaritzaren erabaki horren oinarri legala argitze aldera, Arcasek espediente osoaren kopia, txosten guztiekin, eskatu dio Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburuari, jarduera pribatuak egiteko goi-karguen baimen-eskaerak kudeatzen eta ebazten dituen organoa sail horren mendekoa delako.
Zehazki, EH Bilduko legebiltzarkideak eskatu ditu Gasteizko Vithas San Jose klinika pribatuan lan egiteko Sagarduik aurkeztutako baimen-eskaera, jardueren deklarazioaren kopia, ondasun-aitorpenaren kopia eta abstentzio- eta inhibizio-betebeharrak betetzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena, egin baldin badu. Halaber, Arcasek klinika pribatuak Sagarduiri egin dion lan eskaintzaren kopia eskatu du, “kontratu mota, iraupena, kategoria, ordainsariak eta egin beharreko jarduerak adierazita”. Azkenik, Jaurlaritzaren bateraezintasun batzordearen ebazpena, sailburu ohiaren kontratazioa baimentzen duena, alegia, eskatu du, bai eta klinikari helarazitako jakinarazpena ere, “baimena eskatzeko prozeduran interesduna delako”.