AKTUALITATEA


| 2021-12-10 12:28:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur, pandemiaren seigarren olatuak, aurrekoek bezala, Osakidetza “hankaz gora” harrapatu duelako, “Lehen Arreta gaindituta eta aztarnarien ekipoak nabarmen murriztuta”. Rebeka Uberak adierazi duenez, “ez dirudi Jaurlaritzak ezer ikasi duenik, egoera benetan larria den arren, osasun sistema indartzeko neurriak hartu beharrean, murrizketa gehiago iragartzen ari baita”. Izan ere, Osakidetza kontsulta ugari atzeratu eta bertan behera uzten ari da eta hainbat ebakuntza ere atzeratzeko agindua eman du, baina, Uberaren irudiko, “hori ez da egoerak eskatzen duena; une honetan funtsezkoa, lehentasunezkoa eta presazkoa da Lehen Arreta indartzea. Murrizketa horiek ez dira ez onargarriak, ez soluzioa”.

“Pandemiari aurre egin eta kalitatezko osasun arreta eskainiko badugu, lehenengo baldintza Lehen Arreta indartzea da”, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak. 2022ko aurrekontuei buruzko akordioan EH Bilduk arlo horretan inbertsioa nabarmen handitzea lortu duela gogorarazi du Uberak, eta premiazkotzat jo du neurriak jada hartzea norabide horretan. “Lehen Arretak ezin du urtarrilera arte itxaron. Unea da Lehen Arreta indartzeko, ez ahultzeko, ez murrizketak egiteko”.

Horren haritik, bi neurri lehenbailehen hartzeko eskatu dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari, “Osakidetza kolapsora iritsi ez dadin”. Lehenik eta behin, “Lehen Arreta indartzea, kontsulta presentzialak berreskuratzea, atzerapenak eta aplazamenduak saihestea”. Azaldu duenez, “kontratazio gehiago egin behar dira horretarako; alegia, Jaurlaritzak egin duen kontrakoa. Pertsonal arloko politika irauli eta prebisio falta zuzentzea tokatzen zaio orain”.

Bigarrenik, zeharka Lehen Arretaren lan-karga arintzea ekarriko lukeen beste neurri bat: “Ezinbestekoa da aztarnarien ekipoak handitzea. Azken hilabeteotan eremu horretan eginiko murrizketen ostean, soluzioa ezin da SMS bat izan. Apirilean 700 aztarnari baino gehiago izatetik 400 baino gutxiago izatera pasa garelako. Atzo bertan eman zizkigun datuak Osasun sailburuak: 364 aztarnari gehi beste 20 Call Centerren. Murrizketa horrek ez du ez hankarik, ez bururik, eta urgentea da desegitea”.