AKTUALITATEA


| 2025-12-05 11:56:00

Durangoko Azokak ateak ireki baino ordu gutxi batzuk lehenago, EH Bilduk euskal sortzaile, artista eta kultura arloko profesionalak egiturazko prekarietatetik ateratzeko neurri sendoak eskatu ditu Legebiltzarrean, eta iragarri du mozio bat aurkeztuko duela helburu horrekin, Jaurlaritzari sortzaileak babestuko dituen lege bat eskatzeko, urrats hori egitea behar-beharrezkoa delakoan.

Josu Aztiriak adierazi duenez, “sortzaileak entzun eta zaindu behar ditugu; aitortza eta egonkortasuna eskatzen digute, eta hori ekimen legegile eta politika publiko sendoekin lortzen da, geure ardurez jakitun eta gure gaitasun politiko eta instituzionala baliatuz. Pentsatu dezagun, beraz, lege-egitasmo sendo bat kulturgileak prekarietatetik ateratzeko eta euskal kulturaren transmisioa eta hedapena bultzatuko duten politika publiko zehatzak martxan jartzeko. Ez gara nekatuko eta ez dugu etsiko euskal sortzaile eta kultur-langileen lan-baldintzak egonkortu eta duintzeko behar diren lege-egitasmoak eta politika publiko sendoak erdietsi arte. Afektuak behar ditugu, baina, batez ere, efektuak”.

Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkideak euskal sortzaileak egiturazko prekarietatean bizi direla ohartarazi du, hala islatzen baitu Lanartea elkarteak eginiko ikerketa batek, zeinean musikariek, idazleek, bertsolariek, zinemagileek, antzerkigileek, komikigileek, ilustratzaileek, dantzariek eta itzultzaileek parte hartu duten. Aztiriak azterketa horren ondorioetan ipini du azpimarra, “oso esanguratsuak” direlakoan: “Egonkortzea ezinbestekoa da, gutxieneko segurtasuna behar baitute egunean eguneko beharretatik harago euren bizialdia eta lanaldia antolatzeko; artisten lanaren aitortza ere eskatzen dute; prekarietate ekonomikoa orokorra da haien artean –batez beste, 6.375 euroko irabazi garbiak izan zituzten iaz beren jarduera artistikoagatik– eta, hortaz, ez da harritzekoa hirutik batek erantzutea azken urtebetean beren jardun artistikoa uztea pentsatu dutela”.

Ezegonkortasuna, prekarietatea eta aitorpen falta areagotu egiten dira, gainera, “euskaraz lan egiten bada eta euskarazko kultura bultzatzeko eta beren lana handitzeko politika publikoak nahikoak ez badira”, erantsi du Aztiriak, eta, horren ildotik, sortzaileak babesteko eta euren lana egonkortzeko eta aitortzeko neurriak eskatu ditu, “han eta hemen egiten ari diren bezala, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ez gaudelako beste hainbat herrialderen mailan”. Horri dagokionez, gogora ekarri du Irlandako Gobernuak 1.300 euroko oinarrizko soldata ezarri duela artista eta sortzaileentzat, Ipar Euskal Herrian diru-laguntzak jasotzeko eskubidea dutela, baldintza jakin batzuk betez gero, eta Nafarroan Gobernua kulturaren profesionalei buruzko lege proiektu bat prestatzen ari dela.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, badago zer egin arlo horretan, Lanartea elkartearen ikerketak ere erakutsi duenez: “Artistak langiletzat hartzea behingoz; estatus berezia ematea sortzaileei, zerga eta betekizun administratiboen zama arindu eta babesa handitzeko; sortzen diren euskal kultur proposamenak gizarteratzeko zirkuituak sendotzea eta, beharrezkoa balitz, berriak sortzea, EITBk lan horretan rol aktiboa hartuta; euskarazko kulturaren alde politika publikoak abiaraztea hezkuntza sisteman, hedabideetan, erakunde publikoen programazioan zein diru publikoz lagundutako kultur proposamenetan; jendetzak mugitzen dituzten kultur proposamen bakanetan ahalegin eta sos ia guztiak kontzentratu ordez, ekosistema zaintzea, txiki dena gehiago ez dadin txikitu; kultura lehenestea eta inbertsioa handitzea sektore horretan”.