AKTUALITATEA


| 2023-04-20 12:46:00

Bere egoitza fiskala Herbehereetara eramateko erabakiarekin, Ferrovialek deslokalizazioen fenomenoa agenda politiko eta mediatikoaren erdigunean berriz ere ipini duen honetan, Legebiltzarrak tramitera onartu du gaur enpresen deslokalizazioa eragozteko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamena. Iker Casanovak argitu duenez, deslokalizazioak ezin dira legez debekatu, baina bai har daitezkeela neurriak enpresen lekualdatze horiek zailtzeko.

EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “deslokalizazioena fenomeno kezkagarria da, ekonomia, industria eta gizartea bera kaltetzen dituena, eta, ondorioz, prozesu hori gelditzeko eskura ditugun mekanismoak aktibatzeko gauza izan behar dugu”. Hori da gaur koalizio subiranistak egin duena, Bizkaiko Batzar Nagusiek 2007an onartu zuten foru arau bat inspirazio eta oinarri hartuta. “Arau hori indarrean dago 2007az geroztik eta inoiz ez da inolako gatazkarik egon bere legezkotasunaren inguruan; agerikoa da, beraz, legezkoa dela eta ordenamendu juridikoan sartzen dela. Efektu positiboak ere izan ditu gainera, kasuren batean deslokalizazioak saihesteko balio izan duelako. Hori dela eta, guk gaur proposatu duguna Bizkaian existitzen den mekanismo hori Arabara eta Gipuzkoara ere hedatzea da, EAE osorako lege baten bidez”.

Zehazki, ekoizpen kostuak murriztearren edota zerga gutxiago ordaintzearren produkzioa edota egoitza fiskala beste herri batera daramaten enpresei azken 10 urteotan jasotako laguntza publiko guztiak itzularaztea planteatzen du EH Bilduren lege proposamenak. “Politikoki zerbait egin beharra dago, ezin dezakegulako onartu enpresa batek, laguntza publikoak jaso ondoren, horrelako erabakiak hartzea bere interesak bakarrik kontuan hartuta eta bere langileen eskubideak eta enpresa kokatuta dagoen herriaren interesak eta beharrak albo batera utzita. Ados gaude enpresei hainbat esparrutan diru-laguntzak ematearekin, baina laguntza horiekin batera erantzukizuna eta konpromisoak eskatu behar zaizkie, besteak beste, lurraldearekiko atxikipena”.

Legebiltzarkideak gogora ekarri du hau ez dela EH Bilduk deslokalizazioen kontrako lege bat proposatzen duen lehen aldia. Izan ere, 2019an oso antzekoa zen lege proposamen bat aurkeztu zuen, baina EAJk eta PSEk ez zuten tramitera onartu. Gaur, ordea, erantzuna ezberdina izan da eta Legebiltzarrak proposamena tramitatuko du legea onartu ahal izateko.