EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU talde parlamentarioek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute gaur, premiaz eztabaidatzeko, Legebiltzarrak Tubacex enpresak ireki duen lan gatazkari “amaiera justua ematen lagundu” behar duelakoan, Iker Casanovak eta Jon Hernandezek adierazi dutenez. Tubacexeko komiteak Parlamentuaren esku-hartzea eskatu du eta, dei hori aintzat hartuta, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUk urrats bat aurrera ematea erabaki dute, “konpromisoak hitz onetatik harago joan behar duelako” eta Tubacexeko zuzendaritzari dei egin behar zaiolako prozesu hori modu ez hain traumatikoan jorratzeko”. Izan ere, “Tubacexen 100 greba egun bete dira, gatazkak ez du konponbiderik momentuz eta ondorioak itzulezinak izan daitezke langileentzat, bai arlo pertsonalean, bai ekonomikoan”, zuzendaritzak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientearekin 128 pertsona lanik gabe geratuko liratekeelako.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren iritziz, “enpresak nahitaezko kaleratze gisa aurkeztutako neurriak ez dira egokienak bizi dugun errealitaterako”; beraz, aurkeztu duten proposamenak hori zuzentzea du helburu, bai eta irtenbide justu bat bilatzea ere. Diotenez, “Legebiltzarrak, lehenik eta behin, Tubacexeko zuzendaritzari eskatu behar dio enplegu-erregulazioko espedientea kentzeko eta kaleratutako langileak berriz hartzeko; zuzendaritzari eta sindikatuei eskatu behar die, behin aurreko puntua gauzatuta, negoziazio bat ireki dezatela enpresak bizi duen aldi baterako krisi egoerari irtenbideak bilatzeko, egoeraren araberako neurriekin eta neurri ez traumatikoekin, eta, azkenik, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu behar dio eskakizun horiek bere gaitasun guztiekin onar eta defenda ditzala”.