AKTUALITATEA


| 2022-01-11 13:04:00

EAJk eta PSEk gehiengo osoa baliatu dute gaur Legebiltzarreko Mahaian EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren habilitazio eskaria atzera botatzeko. Ezkerreko bi talde parlamentarioek Parlamentua urtarrilean habilitatzea eskatu dute zenbait proposamen premiaz eztabaidatu ahal izateko, Osakidetzako Lehen Arreta indartzeko, ikasturtearen hasiera planifikatzeko, familien kontziliazioa errazteko eta pandemiaren seigarren olatu honetan kaltetuen ateratzen ari diren enpresei eta autonomoei laguntzeko, hain zuzen ere.

EAJk eta PSEk, hala ere, uko egin diote Legebiltzarra habilitatzeari eta, ondorioz, ohiko batzorde eta bilkurak ez dira otsailera arte hasiko. Erabaki hori zeharo ulertezina da egungo egoeran, pandemia osasun sistema, bai eta eremu sozial eta ekonomikoak ere, gogor kolpatzen ari den honetan hainbat neurri premiaz hartu behar direlako. Egoera konplikatu honetan Parlamentua otsailera arte itxita edukitzea gizartea isilarazteko modu bat da, Jaurlaritza pandemian zehar egiten ari den kudeaketa ulertzen ez duen gizartea, alegia.

Eta ulertezina da, baita ere, EAJk eta PSEk Mahaian erabili duten argudioa. Osasunaz, hezkuntzaz, familien kontziliazioaz eta enpresei laguntzeaz eztabaidatzea ez omen da premiazkoa, esan dutenez, hain justu osasun sistema kolapsotik gertu dagoenean eta ziurtasun falta erabatekoa denean bai ikastetxeetan, bai familietan, bai enpresetan. Gobernukideen erabakiak euren kudeaketaren nora eza eta ahulezia baino ez ditu erakusten; izan ere, ahulezia politiko handiena da gainerako alderdien proposamenak eztabaidatzeari berari ere uko egitea. Argudio bakarra gehiengo osoa denean, argi dago argudio sendoak falta direla oposizioaren ekimenak atzera botatzeko.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IUren aburuz, egungoa bezalako egoera batean ezinbestekoa da instituzio guztiak, bai eta eragile politiko, sozial eta ekonomiko guztiak ere, inplikatzea; ez da nahikoa auzolana aldarrikatzea, praktikatu behar da.