AKTUALITATEA


| 2023-03-20 12:54:00

EH Bilduk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.400 euroko gutxieneko soldata bat ezartzea xede duen mozio bat defendatuko du datorren ostegunean Legebiltzarrean. Arkaitz Rodriguezek azaldu duenez, Europako Karta Sozialaren arabera, gutxieneko soldatak batez besteko soldataren %60ra iritsi behar du eta, irizpide hori aplikatuz gero, EAEn 1.400 eurokoa beharko luke. Hori horrela, Gobernu espainolak aurten gutxieneko soldata 1.080 eurora igo izana albiste ona bada ere, zenbateko hori “oso motz gelditzen da” Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Arkaitz Rodriguezek adierazi duenez. “Hemen bizitzaren kostua Espainian baino %20 altuagoa da; beraz, zergatik eduki behar dugu gutxieneko soldata bat beharko genukeena baino %20 baxuagoa dena? Hori hala izateak genero arrakalaren eta belaunaldi arteko arrakalaren kontra borrokatzea eragozten du, bai eta duintasunez bizi ahal izateko baldintzak bermatzea ere”.

Hori dela eta, EH Bilduk ostegunean defendatuko duen mozioak euskal errealitate sozio-ekonomikoari egokitutako gutxieneko soldata bat ezartzea du helburu, Europako Karta Sozialaren irizpideekin bat etorriko dena. Horretarako, lehenik eta behin, Legebiltzarrak gutxieneko soldata ezartzeko eskumena eskatzea proposatuko du koalizioak, hau da, “enpleguko politika pasiboen transferentzia eskatzea”, Rodriguez zehaztu duenez.

Edonola ere, eskumena ez edukita ere, posiblea da EAEn gutxieneko soldata Europako Karta Sozialak gomendatutako parametroetan kokatzea, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak, horretarako aski litzatekeelako 1.400 euroko gutxieneko soldata ezarriko lukeen lanbidearteko akordio bat sindikatuen eta patronalaren artean. Horri heltzen dio, hain justu, EH Bilduren mozioaren bigarren puntuak, akordio hori susta dezala eskatzen baitio Jaurlaritzari. Rodriguezen iritziz, Urkulluren Gobernuak “lidergoa erakutsi eta proaktiboa izan behar du, sindikatuak eta patronala akordio horretara iritsi daitezen; ezin da notarioarena egitera mugatu”.