AKTUALITATEA


| 2025-05-07 16:42:00

Bi urte baino gehiago batzartu gabe igaro ostean, Hezkuntza Akordioaren Jarraipen Batzordea bildu da gaur arratsaldean Legebiltzarrean, EH Bilduren eskariari jarraiki. Bileraren ondoren egindako adierazpenetan, Ikoitz Arresek gogorarazi du Jaurlaritzak elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu zuela ituna sinatu zenean, baina, salatu duenez, ez da hori harrezkeroztik egin duena, nahiz eta hezkuntza sistemaren egoeraren konplexutasunak (jaiotze tasaren beherakada, migrazio fluxuak eta behar berriak) kooperazioa eskatzen duen. EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu duenez, aldebakartasunak ezaugarritu eta ezaugarritzen du Hezkuntza Sailaren jokaera, eta “jarrera horrek ekarri du, batetik, Hezkuntzan dagoen egoera ez konpontzea eta, bestetik, sektore askoren ezinegona”.

Horren haritik, Arresek “propaganda eta aldebakartasuna alde batera utzi ditzala eta benetako negoziazio batean murgildu dadin eskatu dio” Begoña Pedrosa buru duen Hezkuntza Sailari. “Baliabide gehiago eta zehatzak aurkeztu behar ditu, errealitate berriei aurre egiteko, horrek eragingo baitu zuzenean hezkuntzaren kalitatean”.

Arreseren irudiko, “Hezkuntza Sailak ez du behar bezala kalibratu sisteman dagoen ezinegona, gero eta konplikatuagoa den errealitate honetan, kolektibo bat ari delako aniztasun eta konplexutasunaren karga guztia bere gain hartzen, eta Sailak ez dio horri irtenbidea proposatu. Hezkuntzak baliabide gehiago behar ditu, eta hori negoziazio mahaira eraman behar da, baina Hezkuntza Saila berandu doa, azken unean eta proposamen zehatzik gabe. Arazoei aurrea hartu beharrean, arazoen atzetik doa”.