“Pandemia dela eta autonomoei laguntzeko Jaurlaritzak abian jarritako programaren kudeaketa negargarria izan da eta horren isla da Lanbideren sistemaren kolapsoa”, salatu du EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak. “Lehenik eta behin, laguntzak oso motz geratzen dira, autonomoen %1 baino gutxiagok bakarrik eskuratu ahal izango dituztelako, beste %99a bazter utzita; laguntza hori %100ak jasoko balu, 16 euro baino ez luke kobratuko autonomo bakoitzak, hutsaren hurrengoa. Bigarrenik, eskariak bideratzeko Lanbidek erabili duen sistema baztertzailea eta iraingarria da autonomo guztientzat, tramiteak aplikazio informatiko baten bitartez ordu txikitan egitera behartu dituelako, laguntzak ordenaren arabera ematea aurreikusita baitzegoen; hau da, jota dauden autonomoen arteko lasterketa iraingarria ipini du martxan Jaurlaritzak, haien artean lehian laguntza eskas horietako bat eskuratzeko”.
“Autonomoei laguntzeko neurri benetan eraginkorrak hartu beharrean, Lakuak emaitza praktiko oso mugatua duen propaganda egitera jo du, ohi bezala, eta ez da hori autonomoek une honetan behar dutena”, ohartarazi du Casanovak. Horri jarraituz, gogora ekarri du Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak bihar EH Bilduren proposamen zehatz bat eztabaidatuko duela, autonomoengan gogor jotzen ari den krisialdi honen ondorioak arinduko dituena, alegia.
Casanovak azaldu duenez, EH Bilduk neurri berezituak planteatzen ditu enpresa txiki eta autonomoentzat. “Sektore horrek izan dituen galerak konpentsatzeko neurriak dira, osasun krisiaren ondorioz diru-sarrerak galdu badituzte, gastuak ere ezabatu behar direlako. Hala, ondorengo neurriak proposatu ditugu: tasa eta zergen ordainketak atzeratzea eta, kasu batzuetan, salbuetsita uztea; gastu finkoak (ura, elektrizitatea…) ezabatzea larrialdiak iraun bitartean, eta konpentsatzeko funts bat sortzea kalte ekonomikoak arintzeko”.