AKTUALITATEA


| 2022-11-10 13:28:00

2006an obrak hasi baino lehenagotik ere urteetan Abiadura Handiko Trena (AHT) justifikatzeko esandako gezurrak eta azpiegitura hori eraikitzeko obretan egindako lardaskeriak salatu eta agerian utzi ditu Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak, proiektu hori “kudeaketa politiko txarraren adibide ezin hobea” dela argi utzita.

Gogora ekarri duenez, “AHT 2010erako martxan egongo zela agindu ziguten eta orain 2028rako egongo dela diote, eta gainkostua gutxienez %55ekoa izango dela onartu du jada Jaurlaritzak, gain-egitura osoa eta Bilbo eta Gasteizko geltokietako lurperatzeak kontuan hartu gabe; hau da, 5.000 milioi euro gastatu dira jada eta oraindik beste horrenbeste gastatzea falta da obra amaitzeko”. Hori kontuan hartuta, Fernandez de Betoñok ezbaian jarri du proiektu horrek eta obrak jarraitzeak une honetan lehentasuna izan behar ote duten.

EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, “AHTren lardaskeria hain da handia, ezen Madril eta Lakuako gobernuek B plan batera jo behar izan duten, Bilbo eta Gasteizko geltokien lurperatzeak, Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartea eta Irunera doana atzeratuta eta Basaurin behin-behineko geltoki bat proiektatuta”.

Lardaskeria eta gezurrak, hala ere, askoz harago doaz. “Euskal Y-ak Europa kontinentalarekin abiadura handia lotuko gintuela esan zuten, baina Frantziak Bordele-Hendaia tartea egitea baztertu du oraingoz; AHT ezin dela Durango edo Tolosa bezalako herrietan gelditu esan ziguten, baina orain Castro Urdiales eta Laredon geltokiak egingo direla diote Revillak eta Sanchezek; hegoalderantz AHTk merkantziak ere eramango zituela esan zuten, baina orain badakigu Gasteiz-Burgos tartean ez dela hala izango, urteetan agindutakoaren kontra; Nafarroarekiko lotura Ezkio-Itsasotik egingo zela esan zuten, baina hori ere gezurra da, azterlan informatiboaren arabera, lotura Altsasu eta Gasteiztik joango delako. Eta hori Ezkio-Itsasoko geltokia jada eginda dagoenean”.

Hori guztia dela eta, EH Bilduk bistakoa dena proposatu du, “Euskal Y-aren kanporako loturak trenbide sare konbentzionala erabiliz eta modernizatuz egin daitezela, abiadura handiko plataformak eraiki ordez, hain justu Gobernu frantsesak Bordele-Hendaia tartean egingo duena edo, urrunago joan gabe, ADIFek berak Astigarraga-Donostia-Irun tartean egiten ari dena, ohiko trenbidean hirugarren erraila sartuz”.