AKTUALITATEA


| 2022-01-21 13:04:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur Jaurlaritza eta Gobernu espainola negoziatzen ari diren Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren transferentzia oraindik gauzatu gabe dagoelako, 2020an adostuta zegoela iragarri zuten arren. Nerea Kortajarenak bi aldeek eskuartean duten “endredua” kritikatu du, “inork ez dakielako ondo zertan dagoen kontua, eskuduntza osoa edo kudeaketa hutsa eskualdatuko den”, eta, gauzak horrela, ohartarazi du transferentzia “osorik eta lehenbailehen” egin behar dela, Legebiltzarrak EH Bilduren ekimenez adostu zuen bezalaxe.

Kortajarenak azpimarratu duenez, gutxieneko errentaren kudeaketaren transferentzia eta eskumen osoaren transferentzia ez dira gauza bera. “Hemen babes sistema bat dugu, ia 30 urtetan garatutakoa, eta Bizitzeko Gutxieneko Errentaren transferentziak errenta hori gure sisteman integratzea ekarri behar du, ez kudeaketa hutsa. Kontua ez da hemen kudeatzea eta babes politika horien definizioa Madrilen esku geratzea; horrek gure sistema Bizitzeko Gutxieneko Errentaren menpeko, subordinatu,  konplementu bilakatuko luke. Hori eskumena galtzea litzateke, Jaurlaritza Gobernu espainolaren sukurtsal hutsa bihurtzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak Bizitzeko Gutxieneko Errentaren gaineko eskumenaren transferentzia integrala berehala gauzatzeko eskatu die, beraz, Lakua eta Madrilgo gobernuei, eta argi utzi du koalizio independentistak ez duela besterik onartuko, urrats hori egitea funtsezkoa delako “Diru Sarrerak Bermatzeko Sistema sendotzeko, pobreziari eta bazterkeriari aurre egin eta kohesio sozialean aurrera egin ahal izateko”.

Eskualdaketa hori atzeratzeak dituen ondorioez ere ohartarazi du Kortajarenak: “Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma erabat blokeatuta dago, transferentzia hau Gizarte Segurantzaren eskualdatzearen aurrekaria izan daiteke eta, tirabira honek irauten duen bitartean, egoera kaotikoa da Bizitzeko Gutxieneko Errentaren eta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketan, eta kaltetu ateratzen ari direnak prestazio horien onuradunak dira, hain justu premiak handiak direnean”. Horren harira, EH Bilduko legebiltzarkideak Caritasen Foessa fundazioaren azken txostena ekarri du gogora. “Datuek erakusten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan pobrezia egoeran dauden herritarrak lehen baino okerrago daudela pandemiaren ondorioz, eta behar material gogorrak dituzten herritarren kopurua ia %50 igo dela 2018az geroztik. Azken batean, datuek konfirmatzen dute milaka pertsona eta familien segurtasun bitala hankaz gora dagoela momentu honetan eta premiazkoa dela herritarrak babesteko tresna propioak edukitzea, hemengo errealitateari egokituak, orain arte babes sistematik kanpo egondakoei zein pandemiak kolpaturiko sektore eta egoera berriei premiaz, eraginkortasunez, nahikotasunez eta egokitasunez erantzun ahal izateko”.