AKTUALITATEA


| 2021-11-30 15:39:00

EH Bilduk ate birakarien kontrako lege bat proposatu zuen duela hiru aste, goi kargu politiko askok aspaldidanik enpresa handien administrazio kontseiluetara egin ohi duten jauziari mugak jartzeko, botere politikoaren eta ekonomikoaren arteko harreman horrek lehena bigarrenaren menpe uzteko arriskua dakarrelako. Jaurlaritza, baina, EH Bilduren lege proposamen hori tramitera onartzearen aurka agertu da gaur.

Josu Estarronaren irudiko, “ulergaitza da ate birakarien fenomenoa mugatzeari uko egitea EAEk horretarako eskumena duenean, Gobernuak kontrakoa esan arren”. EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “kezkatzekoa da Jaurlaritza beti ustelkeria eta praktika desegokiak amaitzea xede duten ekimen guztien aurka agertzea; oraingoan ate birakarien kontrako gure proposamena zegoen mahai gainean, baina aurrekoetan ere berdin jokatu du: bata bestearen atzetik, ezezkoa eman die ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeari, aholkularitzen kartela ikertzeari, Kontu Publikoen Epaitegian Jose Luis Bilbaorena bezalako kasuak ekiditeari eta praktika txarrak salatzen dituzten pertsonak babesteko legeari”.

Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzeko proposamenari ere ezezkoa

Ate birakarien kontrako lege proposamenari ez ezik, Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzeko lege proposamenari ere ezezkoa eman dio gaur Jaurlaritzak. EH Bilduk helburu argi batekin proposatu du lege hori aldatzea: Euneiz bezalako unibertsitate pribatuek, irabazi asmoa dutenek, Unibertsitate Sistematik kanpo uztea eta, hala, diru publikorik jasoko ez dutela bermatzea. Ikoitz Arresek azaldu duenez, “halako unibertsitateen funtzio soziala ukatu ere egin gabe, gakoa irabazi asmoan dago; etekin ekonomikoa bilatzen duten unibertsitate pribatuek ez dute finantzazio publikorik izan behar eta Jaurlaritzak eman digun erantzunak ez du kontrakoa justifikatzen”.