Legebiltzarrak Jaurlaritzaren Industria Plana izan du gaur eztabaidagai, 2030. urtera bitartean Pradalesen Gobernuaren industria politika ardaztuko duen dokumentua, alegia. EH Bilduren aburuz, plana orokorkerietan geratzen da, bertan ezarritako helburuak lortzeko hartu beharreko neurriak eta bideratu beharreko finantzazioa zehaztea falta baitzaio. “Industria Plan honek ez du inolako zehaztasunik. Fede kontua da, Jaurlaritzak itsu-itsuan sinestea eskatzen digu”, Ander Goikoetxeak adierazi duenez, plana aholkularitza-enpresa pribatu batek, ez Gobernuak, egin duela kritikatu ostean.
EH Bilduko legebiltzarkideak 43 proposamen aurkeztu ditu, Plana hobetu nahian, baina hiru baino ez dituzte onartu EAJk eta PSEk. Horiei esker, kooperatibek (Konfekoop) eta ikerketa zentroek ordezkaritza izango dute Industriaren Euskal Kontseiluan eta STEAM bokazioak sustatuko dira emakumeak industria sektorera erakartzeko, inklusioan eta lehiakortasunean aurrera egiteko.
Goikoetxeak Ikerketa eta Garapenaren (I+G) arloko inbertsioaren eboluzioan ipini du azpimarra. Gogora ekarri duenez, 2022ko aurrekontuen eztabaidan Jaurlaritzak konpromiso bat hartu zuen EH Bildurekin, I+G arloan EAEko inbertsio maila BPG-Barne Produktu Gordinaren %3ra igotzea, hain zuzen ere. Errealitatea, baina, ez da halakoa. “Ez da hazkunderik egon, geldialdi bat baizik”. Izan ere, azken datu ofizialen arabera, portzentajea %2,15ekoa da, Europako batez bestekoaren azpitik eta Europako herrialde aurreratuenetatik urrun, Suedia, esaterako, %3,5ean baitago. Horren aurrean, EH Bilduk proposatu du Industria Planean ondorengo konpromisoa txertatzea: 2030. urterako Ikerketa eta Garapeneko inbertsioa BPGaren %3,5 izatea.
Horretarako, Ikerketa eta Garapenerako Agentzia Publikoa sortzea ere proposatu du koalizio abertzaleak, sektore horretan garatu beharreko estrategiak norabidetzeko eta zientzia eta teknologia sarearen efizientzia areagotzeko. Halaber, eskatu du garapen agentziek I+G arloko aholkularitza-zerbitzua eskaini diezaietela enpresa txiki eta ertainei.
Alde positiboa ere badu Industria Planak, Goikoetxearen iritziz. “Azken hamarkadetan hegemonikoa izan den paradigma ekonomikoaren porrota egiaztatzen du. EH Bilduk urteak eman ditu horren salaketan, eta orain Jaurlaritzak ere politika neoliberalen porrota aitortzen du, bai eta eraldaketa baten beharra ere, sektore publikoa indartzea ekarriko duena. Politika ekonomiko berri bat martxan jarri beste aukerarik ez dago, etorkizuna bermatuko badugu. Agerian geratu da, batetik, merkatuak, berez, ez duela ez klima-aldaketa geldituko, ez aberastasunaren banaketa orekatuagoa ekarriko; bestetik, enpresei eta aberatsei zergak murrizteak porrot egin duela, eta, hirugarrenik, sektore publiko indartsua behar dugula merkatua interes publiko eta sozialeko helburuen mende jartzeko”.