AKTUALITATEA


| 2021-05-26 14:13:00

EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio Gazteriaren Lege-Proiektuari Legebiltzarrak Jaurlaritzari itzul diezaion, EAJ-PSEren egitasmo horrek ez duelako proposamen zehatzik egiten gazteen egoera larria iraultzeko. “Planteatzen dituen erantzunak ez dira egoerak eskatzen duen tamainakoak”, kritikatu du Maddalen Iriartek eta, bide beretik, Eraitz Saez de Egilazek erantsi du lege-proiektua ez dela nahikoa “gazteok belaunaldi bezala ditugun nahi eta beharrei erantzuteko”.

Iriartek euskal gazteriak pairatzen duen egoera larriaz ohartarazi du: “Langabeziak eta prekarietateak ezaugarritzen dituzte euskal gazteen bizitzak, eta horrek ia ezinezko egiten du emantzipazioa”. Izan ere, langabezia tasa %42koa da Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian; prekarietatea, ikaragarria, eta emantzipazio adina, 30-34 urte ingurukoa. “Horrela ez dago bizitza-proiektu bat eraikitzerik”, esan du EH Bilduko bozeramaileak.

Bere irudiko, “Gazteriaren Legeak gazteak ipini behar ditu erdigunean eta neurri eta konponbide zehatzak eskaini behar ditu pairatzen duten errealitate latzari buelta emateko, baina Urkulluren Gobernuak aurkeztu duen lege-proiektuak kale egiten du, instituzio ezberdinen eskumenen banaketan galtzen da eta ez die konponbiderik ematen gazteek egunerokoan dituzten arazoei”.

EAJ-PSEren lege proiektuak ez bezala, EH Bilduk aldarrikatzen duen Gazteriaren Legeak gazteen emantzipaziorako eskubidea du ardatz eta helburu, eta, hitz politetatik harago, “orain eta etorkizun duinak bultzatu eta sustatu ez ezik, bermatzeko bideak ere ezarri behar ditu”, Eraitz Saez de Egilazek azpimarratu duenez. Jaurlaritzaren proiektuak, ordea, “orain arte sakabanatuta egon diren gazteria politikak batu eta ordenatzea baino ez du egiten, eskumenen banaketa zorrotz bat diseinatuz”, kritikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Bertan emandako erantzunak ez dira ez gaurko, ez are gutxiago biharko soluzioak”.

Bere iritziz, “lege honekin belaunaldi oso baten bizitza duintzeko aukera daukagu; belaunaldi arteko elkartasunari bide emateko gazteon orain eta etorkizun duin baterako oinarri sendoak jarri behar ditugu”. Horretarako, osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk 56 zuzenketa partzial ere aurkeztu ditu, ahalik eta ekarpen kualitatibo handienak egin ahal izateko, betiere emantzipaziorako eskubidea erdigunean jarrita. “Politika publiko guztiak eskubide hori gauzatzeko bidean kokatu behar ditugu, emantzipazioa ez baita soilik gazteok gure gurasoen etxeetatik joatea; emantzipazioa gazteok gure bizitzen gain erabakitzeko autonomia eta gaitasuna izatea da, gure bizitzak gure nahi eta beharren arabera antolatu ahal izateko”.

Norabide horretan doaz, beraz, koalizioaren zuzenketak. Saez de Egilazek azaldu duenez, “proposatzen dugu emantzipazioa eskubide bat izatea eta bide horretan kokatzea gazteoi begira proposatzen diren politika publikoak, neurri zehatzak hartzea lan prekarietatearekin amaitzeko eta Administrazioak prekarietatea sekula gehiago diruz ez finantzatzeko, konpromiso bat hartzea gazteoi etxebizitza duinerako sarbidea bermatzeko, aukerak zabaltzea gure bizitzak hobetu eta gure aisialdiaren bidez gure nahiak eta gogoak espresatu ahal izateko”.