EH Bilduren ekimenez, eta EAJrekin eta PSErekin adostuta, Legebiltzarrak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala urtea amaitu aurretik behin-behinean onar dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Halaber, hiru alderdien arteko akordioaren arabera, Planaren behin betiko onarpena 2025eko lehen seihilekoan gauzatu beharko da, horretarako behar diren “izapidetze-epeak arinduz” eta “beharrezko prozedura-berme guztiak, iraunkortasun-irizpideak eta ingurumenaren babesa kontuan hartuta”.
Mikel Oterok Jaurlaritzak gai honetan urteetan erakutsi duen utzikeria salatu du, Plan Sektorialak pilatzen duen atzerapena onartezina baita. Gogora ekarri duenez, Lakuako Gobernuak urteak eta urteak eman ditu energia berriztagarrien hedapena ordenatzeko ia ezer egin gabe, eta oraindik ez du bete 2019an onartutako Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legean horren inguruan xedatutakoa. Izan ere, lege horren arabera, Plan Sektorialak 2021az geroztik onartuta egon behar zuen. Atzerapen horren ondorio zuzena da berriztagarrien hedapen eskasa eta desordenatua, azkeneko hiru urteetan 100 proiektu baino gehiago aurkeztu direlako modu desordenatuan, Oterok azaldu duenez.
EH Bilduko legebiltzarkideak berretsi du klima larrialdiak ezinbesteko eta derrigorrezko egiten duela CO2 isuriak azkar murriztea, bestela muturreko fenomeno meteorologikoak, Valentziakoa bezalakoak, gero eta ohikoagoak izango direlako; hori horrela, premiazkoa da berriztagarrien alde apustu egitea, ondorioztatu du.