AKTUALITATEA


| 2021-04-12 14:28:00

Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak Jaurlaritzak esleitzen dituen kontratu txikietan dagoen “intentsitate baxuko bezerokeria” salatu du gaur Legebiltzarrean, hainbat enpresa EAJ eta PSErekin dituzten kontaktu politikoak baliatzen direlako kontratu horiek zuzenean lortzeko, inolako lehiaketa publikorik gabe. Kontratu txikiak dira 40.000 eurora iristen ez direnak, obra-kontratuen kasuan, edo 15.000 eurotik beherakoak direnak, hornidurak edota zerbitzuak kontratatuz gero, eta Gobernuak zuzenean esleitu ditzake, lehiaketa publikorik gabe. Azken datu ofizialen arabera, 2019an Lakuak 3.600 kontratu txiki baino gehiago egin zituen, ia 55 milioi euroko balioarekin. Fernandez de Betoñoren iritziz, “kuantitatiboki kontuan hartzeko moduko kontratuak dira, bai eta kualitatiboki ere, askotan bezerokeriarekin lotuta daudelako”.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, kontratu txikien bidez mugitzen diren zenbatekoak ez dira izugarri handiak, “baina bezerokeria sare bat ezkutatzen dute, enpresa batzuk haien kontaktu politikoez nolabait baliatzen baitira lehiaketarik gabeko kontratuak lortzeko”. Esaterako, “Arriola PSEko sailburuaren komunikazio-kontratuen atzean dauden bi enpresek loturak dituzte PSErekin, eta Europako Funtsen zerrenda egiteko hiru kontratu nagusien atzean dauden beste bi enpresek loturak dituzte EAJrekin”.
Horren haritik, Fernandez de Betoñok egiaztatu du “zenbait kontratu txikitan praktika desegokiak jazo direla”, eta batzuk atzera bota behar izan ditu Gobernuko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak legeak xedatutakoa urratzeagatik. Gainera, organo horrek duela urtebete kontratu txikien inguruan eman zituen gomendioak ez dira behar bezala betetzen, erantsi du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Halaber, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak “independentzia osoz” jardun behar duela azpimarratu du Fernandez de Betoñok, baina zalantzan jarri du hori hala denik, bertako zuzendaria, Javier Losa, EAJren Araba Buru Batzarreko kidea izan baita. EH Bilduko ordezkariaren aburuz, bistakoa da hor “interes gatazka argi bat” dagoela eta oso zalantzagarria dela “EAJko goi-kargu ohi batek independentzia guztiz kontrolatu ote dezakeen EAJren jarduera publikoa”.