AKTUALITATEA


| 2021-09-22 12:10:00

EH Bilduk lege proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrean herritar orok duen etxebizitza izateko eskubidea benetan egikaritzeko bidean. Unai Fernandez de Betoñok mahai gainean ipini duen legea onartuz gero, Jaurlaritzak merkatura ateratzen diren babes publikoko etxebizitzak erosteko obligazioa izango luke; gaur egun erosteko eskubidea du, baina azken sei urteotan 28 aldiz bakarrik aplikatu du. “Gure legearekin gaur hautazkoa dena obligazioa litzateke Gobernuarentzat”. Beti eta udalerri guztietan? Ez. Soilik alokairu babestuko eskaintza publikoak Etxebiden erregistratutako eskarien %80 asetzen ez dituen udalerrietan; hau da, EAEko gehien-gehienetan. Izan ere, gaur alokairu babestuko parke publikoan 24.000 etxebizitza daude, baina Etxebideren zerrendetan 60.000 eskatzaile daude.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “lege honen bitartez eskuratutako etxebizitza guztiak alokairu sozialera bideratuko lirateke, horixe baita proposamen honen helburu nagusia, alokairu sozialeko parke publikoa handitzea, alegia”. Legeak kontu publikoetan izango lukeen inpaktu ekonomikoa ere kuantifikatu du Fernandez de Betoñok: “Urtean babes publikoko 600 etxebizitza inguru saltzen direla kontuan hartuta, Jaurlaritzak 80-90 milioi euro beharko lituzke horiek guztiak erosteko, gutxi gorabehera orain etxebizitza prestazioetara bideratzen duena. Finean, prestazioetan oinarritutako sistema batetik etxebizitza parke publiko sendo batean oinarritzen den eta egiturazko erantzunak ematen dituen sistema batera pasako ginateke”.

Zeharka, legeak beste helburu bat lortzea ere ahalbidetuko luke: etxebizitza babestuen salerosketetan udalerri batzuetan hain hedaturik dagoen iruzurra, diru beltzaren erabilera, amaitzea.

EH Bilduk proposatu duen legea etxebizitza babestuei ez ezik, merkatu libreko etxebizitzei ere aplikatuko litzaieke inbertsio-funtsen jarduera mugatzeko. 2015az geroztik indarrean dagoen Etxebizitza Legearen arabera, Jaurlaritzak etxe libreen salerosketa batzuetan esku hartu eta lehentasunez erosteko eskubidea du, baina orain arte ez du inoiz baliatu. Fernandez de Betoñok adierazi duenez, “gure legeak ez du derrigortzen kasu horretan, baina aukera zabaldu egiten du, bereziki putre-funtsek egiten dituzten salerosketa handietan pentsatuz: jabe bakar batek 5 etxebizitza baino gehiago saltzen dituenean lehentasunez erosi ahal izango lituzke Jaurlaritzak”.

Horren haritik, gogora ekarri du 2016an putre funts batek 520 etxebizitza eskuratu zituela Donostiako Benta Berri auzoan, 2020an beste batek alokairuko 320 etxe eskuratu zituela Donostiako hainbat auzotan eta iaz ere hirugarren funts batek babes publikoko alokairuko 490 etxe erosi zizkiola banku bati Salburuan eta Zabalganan, Gasteizen. “Soilik hiru operazio hauetako etxebizitzak Administrazioak lehentasunez erosi izan balitu, alokairu sozialeko parke publikoaren eskaintza %6 handituko zen EAEn”.