AKTUALITATEA


| 2021-12-16 14:07:00

Jasone Agirre Garitaonandiak bidegabetzat jo du Jaurlaritzak pandemiaren inpaktua arintzeko komunikabideei eman dizkien diru-laguntzen banaketa, eta horren inguruko azalpenak eskatuko dizkio bihar Legebiltzarrean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. “Gobernuak bost milioi euroko diru-laguntza zuzenak banatu ditu EAEn argitaratzen diren paperezko egunkari eta irratien artean, Covid19 dela eta, egunkarien salmenten beherakadak eta, irratien kasuan, publizitatearen jaitsierak eragindako kalteak arintzeko, baina diru banaketa horretatik kanpo geratu dira egunkari digitalak, aldizkari orokorrak zein espezializatuak, tokiko hedabideak zein herri telebistak, esaterako”.

Gainera, kritikatu du EH Bilduko legebiltzarkideak, “banatu diren bost milioi horietatik, euskarazko komunikabideek %6,6 baino ez dute jaso”. Salatu duenez, “hain justu laguntza gehien behar duten euskarazko komunikabide txikiak, bestelako laguntzak edota publizitate instituzionala eskuratzeko zailtasunik handienak dutenak, laguntza horretatik kanpo geratu dira”.

Agirrek gogora ekarri duenez, “euskararen normalizazioan hain garrantzitsuak diren euskarazko komunikabide horietako asko krisi larrian daude, zaurgarrienak dira euskal komunikabideen ekosisteman”; hala ere, Jaurlaritzak erabilitako irizpide okerraren ondorioz, “komunikabide indartsuenek, bestelako diru-laguntzak eta publizitate instituzional gehiena dituztenek, jaso dute diru-laguntzen zatirik handiena”.