AKTUALITATEA


| 2022-09-22 16:42:00

Maddalen Iriartek Ongizate Ituna eskaini du oinarrizko eskubideak bermatzeko, herritarrei segurtasuna emateko eta etsipenetik itxaropenera salto egiteko. Estatus politiko berria eta erabakitzeko eskubidea alde batera uztea egotzi dio Urkulluri, eta burujabetzaren aldeko akordio zabalak egiteko borondatea agertu du.

2016az geroztik etengabe egin duen moduan, Maddalen Iriartek herri akordioen beharra aldarrikatu du gaur berriz ere Legebiltzarrean, Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran, betiere argi utzita akordio horiek orain arteko politikak aldatzea ekarri behar dutela, politika horiek daudelako, neurri batean, egungo krisiaren jatorrian. Horren ildotik, Urkulluri eskatu dio argitzeko ea berak ere horrela ulertzen dituen herri akordio horiek. “Herri honek jauzi bat eman behar du eta, horretarako, errotikako aldaketak burutzeko, Herri Akordioak egiteko aukerak baldin badaude, EH Bildu hor egongo da. Are gehiago, EH Bildu izango da Itun horiek aurrera ateratzeko bermea. Are gehiago, Estatu Itunak aldarrikatzen ditugu guk. Estatu bat izan gabe ere Estatu gisa aritzea. Akordio hauek modu kooperatibo eta demokratikoan balioesteko eta aprobetxatzeko gai diren aliantza indartsuak ehuntzeko unea da, bi joera premiaz iraultzeko: bata, zerbitzu publikoen degradazioa; bestea, desberdintasun sozialen zabaltzea. Hori egin ezean, baldintza okerragoan helduko gara esku artean ditugun erronkei erantzutera”.

Alde horretatik, ONGIZATE ITUNA eskaini du “oinarrizko eskubideak bermatzeko, herritarrei segurtasuna emateko eta etsipenetik itxaropenera salto egiteko”. EH Bilduko bozeramaileak Ongizate Itun horren ardatzak laburbildu ditu:

  1. Energia.

Herritarrek eta enpresek energia prezio justuan izateko eskubidea daukate, eta Gobernu honek hori aldarrikatu eta gauzatzeko bideak indarrean jarri behar ditu:

  • Enpresa energetikoei ezarriko zaien tasaren kudeaketa bertako instituzioen esku egon behar da, eta horren diru-bilketa faktura energetikoak merkatzera bideratu.
  • Errenta jakin batetik beherako familiei energia bono batekin lagundu behar zaie, eta PYMEei eta autonomoei zuzeneko laguntzekin.
  • Azkenik, energia sektorea oligopolioaren kontroletik ateratzeko egiturazko neurriak hartzeko ordua da.
  • Energia berriztagarrien sorkuntza bitartekoen demokratizazioa.

 

  1. Etxebizitza

Etxebizitzarena oinarrizko eskubide bat da eta ezin da merkatuaren interesen menpe egon. Eskubidea bermatu gabe, herritarrek, gazteek batez ere, ezin dute bizitza proiektu duin bat garatu.

  • Alokairuaren prezioak mugatu.
  • Etxegabetzeak eragotzi.
  • Hipoteken garestitzeari muga jarri.
  • Alokairu sozialeko etxebizitza parke publiko handitu.

 

  1. Zerbitzu publiko sendoak

Osakidetzaren gainbeheraren aurrean, Osasun Sistema Publikoa indartzeko egiturazko neurriak hartu behar dira.

 

  1. Zerga Erreforma

Urkulluk planteatutako deflaktazioa, soldaten igoerarik gabe, zerga jaitsiera da, modu erregresiboan gainera, Ayusoren eran.

Horren aurrean, Iriartek proposatu du:

  • Errenta zergan progresibitatea aplikatzea.
  • Sozietate Zergan, enpresa bakoitzak dagokiona ordaintzea, bere baldintzen arabera. Badira inoizko mozkin handienak izaten ari diren enpresak, enpresa energetikoak kasu. Kasu hauetarako ez da aski tasa bat. Irabaziak zergapetu egin behar dira modu iraunkorrean.
  • Aberastasun gaineko zerga eraginkorra indarrean sartzea.
  • BEZaren kudeaketa euskal instituzioen esku egotea.
  • Tresna fiskal guztiak behar ditugu krisiari eta bizimoduaren garestitzeari aurre egin eta herri honek behar dituen aldaketa estrukturalak egiteko.

 

  1. Enpresen irabazien banaketa

Irabaziak zergapetzeaz gain, irabazi horien banaketaz hitz egin behar da. Egoera ekonomiko honetan enpresek ez lituzkete dibidenduak banatu beharko. Sortzen duten aberastasun guztia enpresan bertan gelditu beharko litzateke eta negoziazio kolektiboaren baitan aztertu zein den irabazi horien banaketa sozialki arrazoizkoena, honako kriterioak kontuan hartuz: langileei soldatak KPIaren arabera igotzea, enpresen epe luzeko iraunkortasun ekonomikoa eta prezioak ahal beste mugatzea.

 

Neurri horiek guztiak martxan jartzeko, azpimarratu du Iriartek, BURUJABETZAZ hitz egin behar da ezinbestean. Hala, haren diskurtsoan estatus politiko berria eta erabakitzeko eskubidea guztiz baztertu dituela ikusirik, aldarrikapen horiei uko egiten dien argitzeko eskatu dio lehendakariari, eta, horren haritik, burujabetzarako bidea partekatzeko EH Bilduren prestutasuna berretsi du. “Ez al dago estatus berri baterako oinarri eta printzipioen inguruan herri akordio bat? Prest zaudete zu eta zure alderdia Euskal Herriaren Burujabetzaren aldeko akordio hori garatzeko EH Bildurekin eta Euskal Herri luze zabalean gehitu nahi duten eragile politiko eta sindikal guztiekin? EH Bilduk badu erantzuna. Eta erantzuna baiezko arduratsu eta eraikitzaile bat da. Prest gaude zuekin, Podemosekin, IUrekin, Geroa Bairekin, EH Bairekin eta nahi duten alderdi, sindikatu, unibertsitateekin, finean herriarekin, akordio horiek burutzeko Euskal Herri osoan. Euskal Herriak Estatuarekiko beste harreman eredu bat behar du”.