Espero bezala, EAJk eta PSEk Ingurumen Administrazioaren lege-proiektuari buruzko irizpena onartu dute gaur arratsaldean Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordean. EH Bilduk, baina, irizpenaren deuseztasuna deklaratzea eskatu du, tramitazioan legegintza-prozedura urratu delakoan. Mikel Oterok hala eskatu dio ofizialki Legebiltzarreko Mahaiari, lege-prozeduran atzera egin eta zuzenketak kalifikatzeko unera itzultzeko, hortik aurrera izapidetza berme guztiekin errepikatzeko.
Arazoa, azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, EAJk eta PSEk aurkeztu zuten 61. zuzenketan dago. Izan ere, zuzenketa horren bitartez, gobernukideek beste lege bat, Lurralde Antolamenduari buruzkoa, hain zuzen ere, aldatzea dute helburu, Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura berria sortzeko eta, hori baliatuta, udalei proiektu eta azpiegitura handiak inposatu ahal izateko, udalek hirigintzan dituzten eskumenen gainetik. “Zuzenketa horren bidez, EAJk eta PSEk nabarmen aldatu nahi dute Ingurumen Administrazioaren Legearen edukiarekin loturarik ez duen beste lege bat; ondorioz, Legebiltzarreko Mahaiak uko egin beharko zion zuzenketa hori izapidetzeari, Lurralde Antolamenduaren Legea aldatzeko Jaurlaritzak lege proiektu bat aurkeztu behar zuelako espresuki, ez bere talde parlamentarioen zuzenketa bat”.
Oterok salatu duenez, “lege proiektu edo lege proposamen gisa izapidetu behar zena zuzenketa partzial baten bidez egin dute, zuzenketa partzialen figuraz abusatuz, Legebiltzarraren erabateko esku-hartzerik gabe eta aurretiazko kontrol mekanismorik gabe”. Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura zuzenketa bidez sortuz, EAJk eta PSEk lege proiektuetan derrigorrezkoak diren hainbat txosten egitea saihestu dute. Horri dagokionez, bereziki larria da Euskadiko Tokiko Gobernuen Batzordeari Interes Publiko Goreneko Proiektuei buruzko iritzia ez eskatzea, figura horrekin jokoan –eta arriskuan– dagoena, hain justu, udal autonomia den arren.