AKTUALITATEA


| 2022-05-19 14:15:00

EH Bilduren ekimen politikoari esker, Legebiltzarrak aurrerapauso garrantzitsu bat eman du gaur hezkuntza digitalaren garapenean software askearen erabilera sustatu eta, modu progresiboan, orokortzeko. Izan ere, Lore Martinez Axpek EAJ eta PSErekin ehundutako akordioaren arabera, Jaurlaritzak proiektu pilotu bat jarriko du abian hainbat ikastetxetan software askean oinarritutako hezkuntza digitaleko plataforma integral bat garatzeko. “Plataforma horrek –azaldu du legebiltzarkideak– Microsoft eta Google-ren hezkuntza plataformak eskaintzen dituzten soluzio teknologiko analogoak eskaini eta beste plataforma horietatik ikasleak inportatzeko aukera emango du, ikastetxeek hiruren artean bata edo bestea baldintza berdinetan aukeratu ahal izan dezaten”. Proiektu pilotu horren ebaluazioa Irakas-Sistemaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Erakundearen esku geratuko da eta Hezkuntza Sailak plataforma askearen erabilera sustatuko du, ikastetxe guztietara hedatzeari begira.

Martinez Axpek Google eta Microsoft bezalako multinazionalek datu pertsonalez egiten duten erabileraz ohartarazi du, “pertsonen jokaerak manipulatu ditzaketelako, demokrazia bera kolokan utzi eta zapuzteraino”, eta, arrisku horri erreparatuta, Hezkuntza Sailak Google-rekin sinatu duen hitzarmena arbuiatu du, “ez baititu bermatzen Hezkuntza Akordioan arlo digitalari buruz jasotako oinarriak”.

Software pribatiboa lehenesten duen bide horri jarraitu beharrean, EH Bilduko legebiltzarkideak software askearen aldeko apustu egitea eskatu du. “Software askea aukeratzea teknologia jakin bat aukeratzea baino gehiago da, filosofia kontua da. Software askeak aske egiten gaitu. Ezagutza partekatzen da, komunitatea eraikitzen da. Software librea gizartea eraldatzeko tresna bat da, berdintasuna, demokrazia, euskara, parte-hartzea, lankidetza eta elkartasuna sustatzen dituena eta mundu justuago bat sortzen laguntzen diguna. Baloreak sustatzen ditu: kooperazioa, autonomia, gastuak aurreztu, ikasteko grina: pentsamendu konputazionala lantzeko aukera, irudimena eta sormena, euskaraz bizitzeko aukera: gizarte digitalerako prestatzen gaitu eta herritar askeak hazten ditu”.