AKTUALITATEA


| 2025-02-20 13:17:00

EH Bilduk 2022an sinatutako Hezkuntza Akordioaren kontsentsuetara itzuli izana azpimarratu du gaur Legebiltzarrean, EAJrekin eta PSErekin adostu baitu Hezkuntza Sailak planifikazio dekretu berri bat egingo duela, Akordio hartan jasotako irizpideen arabera egokituta. Izan ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretua indargabetu zuen urtarrilean. Ikoitz Arresek salatu zuen orduan dekretu hark ez zuela 2022ko Akordioan zehaztutako norabidea errespetatzen, baina orain, gaurko akordioarekin, nabarmendu du EH Bilduk 2022ko adostasunera erakarri dituela berriro EAJ eta PSE, Hezkuntza Sailak egokituko duen dekretu berriak orduko irizpideei jarraituko beharko dielako, betiere euskal eskola publikoaren zeregina indartzeko, “ikasle guztiek hezkuntza sistemarako sarbide unibertsala izatea bermatzen duen oinarrizko erreferente gisa”, eta eskola inklusiboa sustatzeko.

Arresek, halaber, iragarri du EH Bilduk Hezkuntza Akordioaren Jarraipen Batzordea deitzeko eskatu diola Hezkuntza sailburuari, organo hori berriz biltzea funtsezkoa delakoan, “Hezkuntza Sailarekiko dugun konfiantza minimoen azpitik dagoelako, eta konpromiso politikoa behar dugulako. Gauzak ez daude ondo, ez dira ondo egiten ari, eta, hortaz, hausnarketarako momentua da. Bueltatu gaitezen Hezkuntza Akordiora, bueltatu gaitezen kontsentsuetara, bueltatu gaitezen elkarlanera”.