AKTUALITATEA


| 2025-01-16 13:30:00

EH Bilduk Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren presazko agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, azal dezan zein izango diren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxeen planifikazioa arautzen duen dekretua bertan behera geratu izanaren ondorioak. Izan ere, gaur jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak aipatutako dekretua bertan behera utzi du forma akatsen ondorioz, eta “horrek, Pradalesen Gobernuaren kudeaketa txarra agerian uzteaz gain, ziurgabetasun egoera batean utzi ditu familiak, ikastetxeak eta hezkuntza sistema bera”, Ikoitz Arresek ohartarazi duenez. “Dekretu honen tramitazioan Hezkuntza Sailak egindako ustezko akatsek milaka ikasleren matrikulazio irizpideak kolokan uzten ditu momentu honetan”. Hori dela eta, Arresek premiazkotzat jo du Pedrosa sailburuak azalpenak ematea Legebiltzarrean, “familiek ziurtasuna behar dutelako, are gehiago egun gutxi barru 2025-2026 ikasturterako matrikulazio prozesua hasiko dela kontuan hartuta”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu zuenez, Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi duen dekretuak unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen ditu, eta eragin zuzena du ikasleen onarpenean, matrikulazioan, alegia, eskola-mapa, eskola-barrutia, eskola-zonak eta eragin-eremuak, ikastetxeen eskola-postuen eskaintzaren plangintza, ibilbide akademikoak eta unitate bakoitzeko gehieneko ratioa zehazten dituelako.