AKTUALITATEA


| 2023-11-07 12:28:00

EH Bilduk harriduraz hartu ditu Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak pasa den larunbatean Hezkuntza Legearen tramitazioaz egin zituen adierazpenak, eta, Bildarratzek esandakoaren kontra, ziurtatu du EAJk eta PSEk hizkuntza ereduak betikotzeko azken orduan aurkeztu duten auto-zuzenketak aipatutako legearen garapen osoa baldintzatuko duela, okerrerako. Ikoitz Arresek azaldu duenez, A, B eta D hizkuntza ereduei eusteak hizkuntzen irakaskuntza oztopatuko du, segregazioaren kontrako borroka zailduko du, frogaturik dagoelako ereduak segregatzaileak direla, eta Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren egikaritzea bera ere baldintzatuko du.

“Bildarratzek dio ez duela ulertzen zein den EH Bilduk EAJren eta PSEren auto-zuzenketarekin duen arazoa? Nola ez duela ulertzen, azken orduan Hezkuntza Akordioan ezarritako helburuak lortzeko gai ez diren hizkuntza ereduak sartu baldin badituzte? Bildarratzek dio zuzenketa horrek ez duela eraginik, baina eragina badu, bai, lege osoaren garapena baldintzatuko duelako. Gainera, eraginik ez badu, zertarako sartu dute orduan? Eta zergatik dio PSEk baietz? Zergatik dio, harro, hizkuntza ereduak mantentzea bere lorpena dela?”

Arresek gogorarazi du EH Bilduk proposamen bat helarazi diela EAJri eta PSEri haiek sortutako krisia bideratzeko, baina –deitoratu du– ez du inolako erantzunik jaso legebiltzarkideak. Hori horrela, berretsi du koalizio subiranistak ez duela “Hezkuntza Legea babestuko, egoera zuzentzen ez bada. Pilota euren teilatuan dago. Hezkuntza Akordioa betetze aldera, guk gure esku dagoen guztia egin dugu, arlo juridikoan zein pedagogikoan ekarpen serioak eta zorrotzak egin ditugu, egoera argitasunez bideratzeko”. Horri jarraituz, legebiltzarkideak azaldu du EH Bilduren azken botoa bilkideek erabakiko dutela ezohiko batzar nazional batean legearen tramitazioa egiten ari den ponentziak azken irizpena onartu eta gero.