USaP-Unibertsitatera sartzeko probako Euskara eta Literatura II azterketaren inguruan sortu den polemikan Jaurlaritzak, Hezkuntza Sailak zehazki, erakutsi duen jarrera kritikatu du gaur Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak. Salatu duenez, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak “akats larria egin zuen, albistea atera eta berehala, lehenengo momentuan, fokua azterketak zuzendu zituzten irakasleengan ipini zuelako, euren profesionaltasuna ezbaian jarriz eta ebaluazio-sistemari buruzko zalantzak aireratzen”.
Gainera, gogorarazi du Arresek, sailburuak “gardentasun falta egotzi zion EHU-Euskal Herriko Unibertsitateari, honek daturen bat ezkutatu nahiko balu bezala, irakasleen profesionaltasuna eta USaP sistema bera ere zalantzan jarriz”.
Hezkuntza Saila selektibitatearen parte da, azterketen diseinuan eta zuzentzeko prozesuan parte hartzen baitu, EHUrekin batera, baina hori ere ukatu egin du Pedrosa sailburuak, “Legebiltzarrean bi aldiz gezurrak esateraino”, Arresek salatu duenez. Izan ere, Legebiltzarrean agertu zenean, sailburuak esan zuen Hezkuntza Sailak ez zeukala zerikusirik selektibitatearekin, ez azterketen diseinuarekin, ez azterketen zuzenketekin. “Oso larria da sailburu bat, ardurak gainetik kendu nahian, Legebiltzarrean gezurra esateraino iristea”.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, egoskorkeria da afera honetan Jaurlaritzaren jarrera hobekien definitzen duena. “Tematurik daude eta ez dute onartu nahi guztion begien bistan dagoena, euskalgintzak urteetan aldarrikatu duena, alegia, A eta B hizkuntza-ereduek ez dutela nahikotasunez euskalduntzen, ez dutela bermatzen ikasle guztiek derrigorrezko irakaskuntza amaitzean legearen arabera izan behar duten euskara maila. EAJk eta PSEk 2023an onartu zuten Hezkuntza Legea, eta hor argi xedatu zen Jaurlaritzaren ardura izango zela ikasleek DBH amaitzean lortzen duten hizkuntza gaitasuna ebaluatzea; bada, hiru urte igaro dira eta ebaluazio hori egiteko inolako tresna barik jarraitzen dugu”.