Legebiltzarra

Albisteak

Helduen Hezkuntzari buruzko Legea egitea proposatu du EH Bilduk


Helduen Hezkuntzari buruzko ponentzia parlamentarioak alderdien proposamenak jaso ditu gaur. Jaurlaritzaren dekretu zirriborroa bertan behera uztea eskatu du Rebeka Uberak, murrizketak egiten dituelako.

| 2019-05-20 14:14:00

EH Bildu eta Podemosen ekimen komun bati jarraituz, talde parlamentarioek Helduen Hezkuntzaren helburu, funtzio, hartzaile eta bitartekoak zehazteko egin beharreko plan integralaren oinarri eta irizpideak landu eta eztabaidatu dituzte ponentzia batean azken hilabeteotan. Organo horretan gaur amaitzen da epea talde bakoitzak ekarpen eta proposamenak egiteko. EH Bilduk hala egin du: lehenik, Helduen Hezkuntzan murrizketak ekarriko lituzkeen dekretu zirriborroa –irakasleak horren kontra agertu dira jada– bertan behera uzteko eta hasieratik berraztertu eta adosteko eskatu dio Jaurlaritzari; bigarrenik, Helduen Hezkuntzari buruzko Legea egitea proposatu du. Izan ere, Rebeka Uberak azaldu duenez, “lege bidez arautuz gero, Helduen Hezkuntzari duen garrantzia aitortuko genioke eta bere osotasunean landu ahal izango genuke; lege batek gai horren inguruan dauden baliabide publiko guztien arteko koordinazioa ahalbidetuko luke, bai eta ebaluazio eraginkor bat egitea ere”.
EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, Helduen Hezkuntzak honako helburu hauek izan behar ditu: titulazioak eskuratzeko bide bat izatea, enplegua, aukera berdintasuna, inklusioa, adinekoen ongizate sozial, emozional eta intelektuala eta erakunde publikoen arteko koordinazioa.
Helburu horiei begira, Uberak hainbat proposamen aurkeztu ditu, arloko adituek eta profesionalek ponentzian eginiko ekarpenak aintzat hartuta. Hala, beharrezkotzat jo du Hezkuntza Sailak Helduen Hezkuntzako ikastetxeen mapa zehaztea. Azaldu duenez, “ikastetxeak edota gela desplazatuak irekitzeko komenigarritasuna aztertu behar da langabezia tasa altuak dituzten, konplexutasun sozial handia duten edo, zenbait faktore dela eta, inklusio arazoak dauden hirigune eta herrietan, ikastetxe horiek gizarteratzeko elementu gisa ere baliatu behar direlako”.
Enplegarritasuna xede, Helduen Hezkuntzako ikastetxeen eta Lanbideren arteko koordinazioa ezinbestekoa da, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz. Halaber, Helduen Hezkuntzaren curriculuma zehaztea eta adostea proposatu du, prestakuntza arautua zein ez arautua jasota, bai eta Lanbide Heziketarekiko lotura indartzea ere. Horri dagokionez, “goi mailako Lanbide Heziketarako sarbidean kopuru bat, %5 izan litekeena, gorde beharko litzateke Helduen Hezkuntzako ikasleentzat”.