AKTUALITATEA


| 2024-09-20 11:51:00

Edurne Benito EH Bilduko legebiltzarkideak funtsezkotzat jo du “zaintza sistema publiko-komunitariorako bidea egitea, era egokian eta mugimendu feministarekin elkarlanean”, eta ohartarazi du ez dagoela trantsizio hori egiterik “Gizarte Zerbitzuen Sistemaren eraldaketa sakon bat burutu gabe”. Halaber, azpimarratu du eraldaketa horren gidalerroa ezin dela izan Jaurlaritzak onartu zuen Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa, “horrekin zaintzek desberdintasun sozialen iturri izaten jarraituko dutelako, genero desberdintasunen sortzaile izango direlako eta herrialdeen arteko desberdintasunak mantenduko direlako, herritarrek jasotako zaintzak beren bizitokiaren araberakoak izango baitira”.

Benitok norabide horretan aritzeko eskatu dio Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuari, honek Legebiltzarrean egin duen agerraldian, bai eta “gazteon premiak eta begirada erabaki politikoetan modu integralean txertatzeko” ere. Izan ere, “gazteriaren eskubideak sistematikoki alboratuak izan dira eta asko dago egiteko. Epe motzeko ikuspegi kamutsa gainditu behar da, gazteoi zor zaigun lekua emanez. Adibidez, merkatu berotu edota arazoak atzeratu ditzaketen diru-laguntzez gain, egiturazko konponbideak behar dira, alokairuen prezioak mugatzeko eta egiturazko lan prekarietateari aurre egiteko, besteak beste”.

Horren harira, EH Bilduko legebiltzarkideak orain arteko politika instituzionalei egotzi die gazterian bistakoa den politikarekiko desafekzioa. “Hemen argi dagoena da gazteok inoizko desafekzio eta desengainu maila altuena dugula politika instituzional edota edozein koloretako gobernuekiko, orain arte esparru hauetatik egindako lana ez delako eraginkorra izan gure arazo, behar eta proiektu bitalei erantzuteko. Gobernua ez da gai izan egoerak eskatzen zituen tamainako irtenbideak proposatzeko. Egungo testuingurua ez da fenomeno natural baten emaitza; zuek martxan jarri dituzuen politika neoliberalek ekarri dute gazteok bizi dugun egoera hauskorra eta ziurgabea. Izan ere, ez da nahikoa diru-laguntzen bidea irekitzea, politika publiko errotikoak eta ausartak behar dira”.