AKTUALITATEA


| 2022-06-23 13:28:00

Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoa onartu beharraz eztabaidatu du gaur Legebiltzarrak. Marko horretan, Jaurlaritzaren planifikazio falta salatzeaz gain, Nerea Kortajarenak Gizarte Zerbitzuen Sistema pribatizatzearen aldeko apustu egitea leporatu dio Urkulluren Gobernuari. Izan ere I. Plan Estrategikoaren Ebaluazioan EAJ-PSE Gobernuak zerbitzu-txekeak hedatu eta orokortzea proposatzen du etengabe; hau da, zerbitzuak zuzenean eskaini beharrean, familiei txeke bat, laguntza ekonomiko bat, ematea, ostean zerbitzua, erresidentzia-plaza bat kasu, enpresa pribatu batekin kontratatu dezaten.

EH Bilduko legebiltzarkideak formula horren arriskuez ohartarazi du. Batetik, gizarte zerbitzuen pribatizazioa muturrera daramalako; bestetik, zaintzen beharra familien arteko ezberdintasunak areagotzeko elementu bihurtzen duelako. “Zerbitzu-txekeetan oinarritutako sistema horrek zerbitzuen kostea murrizten du Administrazioarentzat, baina familien gastuak igotzen ditu, eta, jakina, familia guztiek ez dituzte baliabide ekonomiko berberak gastu horiei aurre egiteko”.

Horren aurrean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar guztiei zaintza duinak eta publikoak bermatuko dizkien gizarte zerbitzuen sistema publiko baten beharra aldarrikatu du Kortajarenak, gizarte zerbitzuetako Osakidetza bat nolabait.