AKTUALITATEA


| 2023-02-16 10:44:00

Oraindik Berdintasun sailburu gisa, Beatriz Artolazabalek diru-laguntzen programa bat iragarri zuen pasa den hilean bikote eremu barruan bortizkeriaren biktima izan diren emakumeentzat. Jaurlaritzatik azaldu zutenaren arabera, emakume horiek salaketa judiziala edo Fiskaltzaren txostena aurkeztu beharko dute laguntza jaso ahal izateko, baina “hori Legebiltzarrak duela urtebete onartu zuen Berdintasun Lege berriaren kontra doa guztiz”, Oihana Etxebarrietak gaurko osoko bilkuran ohartarazi duenez. Izan ere, Berdintasun Legeak oso argi utzi zuen indarkeria matxista edo genero-indarkeriaren biktimek ez zutela salaketa judizial baten beharrik izango babes eta erreparazio prozesuetan parte hartu ahal izateko, Artolazabalek iragarritako diru-laguntzak jaso ahal izateko, adibidez, bestelako zerbitzuek ere, gizarte zerbitzuek kasu, biktima direla egiaztatu dezaketelako.

Etxebarrietak eztabaidara ekarri du gaia, diru-laguntza horiek banatzeko EAJ-PSE Gobernuak aukeratu duen modua biktima askoren diskriminazioa ekartzen ari delako, laguntza eskuratu ezinik, Berdintasun Legean xedatutakoaren aurka. Hori dela eta, EH Bilduk akats hori berehala konpontzea proposatu du, genero-indarkeriaren biktima guztiek, salbuespenik gabe, laguntza jaso ahal dezaten, eta ez epaitegietara jo dutenek bakarrik. Ulertezina bada ere, EAJk eta PSEk proposamen horren kontra egin dute eta, praktikan, indarkeria matxistaren biktima asko diskriminatzen jarraitzearen aldeko hautua egin dute, eta hori oso larria da.