AKTUALITATEA


| 2019-06-13 13:41:00

Gehiengo parlamentarioa gazteek pairatzen duten egiturazko prekarietateari aurre egiteko talka plan bat diseinatzearen alde agertu da gaur goizean eta hala egiteko eskatu dio Jaurlaritzari, EH Bilduk proposatu bezala. Podemosek eta PPk babestu duten arren, koalizioaren proposamena ez da onartu PPko legebiltzarkide bat bajan dagoelako eta, ondorioz, ezin izan duelako botoa eman. Edonola ere, Josu Estarrona legebiltzarkidearen iritziz, “argi geratu da zein den gehiengo parlamentarioaren borondatea eta, politikoki, Urkulluren Gobernua talka plana diseinatzera behartuta dago, gazte prekarietatea gure herrian dugun arazo estruktural nagusietariko bat delako”.
Proposamenaren arabera, Lanbidek diru-laguntzak emango lituzke gazteen kontratazioa sustatzeko, betiere lan baldintza duinak bermatuta. Horri dagokionez, EH Bilduk uste du diru publikoak babestutako kontratu horiek mugagabeak eta lanaldi osokoak izan beharko lirateke eta gutxieneko soldata, garbia, 1.200 eurokoa.
Estarronak gazte prekarietatearen larritasunaz ohartarazi du eta arlo horretan utzikeriaz aritzea egotzi dio Jaurlaritzari, “porrot egin duelako gazteen artean kalitatezko enplegua bultzatzerakoan”. Horren froga dira, bere ustez, gazteen langabezia tasa, EAEkoak Europakoa bikoizten duelako, eta bataz besteko soldata 16-29 urtekoen artean, 1.000 eurokoa baino ez delako.