AKTUALITATEA


| 2022-03-10 12:12:00

EH Bilduk ezezkoa eman dio EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk adostu duten Gazteriaren Legeari, “anbizioa eta praktikotasuna” falta zaiolako eta, hortaz, ez duelako balio izango gazteek egun pairatzen duten prekarietate orokorra iraultzeko, Eraitz Saez de Egilazek adierazi duenez. “Zer aldatuko da gazteontzat legea onartu eta biharamunean? Ezer ez”.

Saez de Egilazek gogorarazi du EH Bilduk legearen tramitazioan egindako ekarpen nagusiak bazterrean geratu direla, hala nola emantzipazio eskubidea gauzatzeko proposamen zehatz bat, enplegu arloan prekarietatearen aurkako konpromiso bat, etxebizitza duinerako sarbidea errazteko alokairu pribatuaren merkatua mugatzea eta aisialdirako espazioak zabaltzea.

Soldata miserableak eta prekarietatea, emantzipatzeko ezintasuna, etxebizitzaren prezio ordainezinak… gazteek oro har dituzten arazo larri horiei guztiei erantzun behar zien Gazteriaren Legeak, baina gaur EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk onartu dutenak ez du horretarako balio izango, orain arte egin diren eta porrot egin duten politika berberak egiten jarraitzea erabaki dutelako.