AKTUALITATEA


| 2021-06-10 13:17:00

EH Bilduk Jaurlaritzaren Gazteriaren Lege Proiektua atzera botatzea eskatu du gaur Legebiltzarrean ez duelako balio izango Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko gazteek pairatzen duten prekarietate orokorra bukatzeko eta euren bizi baldintzak hobetzeko. Eraitz Saez de Egilazek gazteen egoera zaurgarri eta prekarioa urteetako politika publikoen ondorio zuzena dela ohartarazi du –“gazteen bizitza prekarioa izatea normalizatu da, prekarietatea bizitzaren beste etapa bat bailitzan”– eta errealitate horrek eskatzen duen tamainako erantzunik ez ematea egotzi dio EAJ-PSE Gobernuari. Salatu duenez, gazteen artean guztiz hedaturik eta orokorturik dagoen prekarietateari errotik heldu beharrean, gazteak benetan erdigunean ipini beharrean, Urkulluren Gobernuak “oso motz geratzen den lege bat ekarri du” eta “gazterik gabeko Gazteriaren Legea onartzeko prest dago”.

Gazteriaren Legeari buruz eztabaidatzeak duen garrantzia bistakoa den arren, EAJk eta PSEk uko egin diote EH Bilduk planteatutako eztabaida horretan sartzeari eta boto azalpenera jo dute zuzenean, debatea ekiditeko. Modu horretan euren argudioen ahulezia agerian uzteaz gain, axolagabekeria ere erakutsi dute gazteen prekarietatearekiko. Euren arazo eta beharrei buruz eztabaidatzeko gai ez denak nekez eskainiko die bizitza duin bat. Non eta Legebiltzarrean eztabaida bera ere ukatzen duenak argi baino argiago erakusten du gehiengo absolutua gehiengo absolutista dela sinesten duela eta ez dituela akordioak nahi, bere tesiak inposatzea baizik.

EAJk eta PSEk EH Bildurekin eztabaidatzeari uko egiteak ez ditu gazteen arazo larriak konponduko. Are gehiago, eztabaida ukatzea konponbidea ere ukatzea den heinean, EAJ eta PSEren jarrera arazo horiek handitzea baino ez du ekarriko. Izan ere, Saez de Egilazek ohartarazi bezala, gazteen arazoak benetan larriak dira: etxebizitza eskubidea ez da bermatzen, emantzipazio adina 30 urtekoa da, enplegu arloan langabezia eta prekarietatea egiturazkoak dira, gazteak lan esku merkeak dira enpresarientzat Jaurlaritzaren onespenarekin eta, finean, gazteek ezinezko dute bizitza proiektuak aurrera eramatea eta etorkizuna irudikatzea. Hori dela eta, “norabidea aldatzeko eta planto egiteko ordua” den arren, Jaurlaritzak proposatzen duen legea ez da eraginkorra izango, ez ditu ez neurriak, ez tresnak, ez konpromisoak zehazten gazteek pairatzen duten prekarietatea iraultzeko. “Bere lege proiektuan ez dago proposamenik lan baldintza duinak bermatzeko eta anbizioa falta zaio emantzipazio adina jaisteko; uko egiten zaio, adibidez, alokairuen prezio super altuei muga jartzeari, hori emantzipazioa ia ezinezko egiten duten faktore nagusietariko bat bada ere”.

EAJ-PSEren lege proiektuaren gabezien aurrean, EH Bilduko legebiltzarkideak gazteen prekarietateari errotik helduko dion Gazteriaren Lege bat aldarrikatu du, emantzipazioa eskubide bat izan dadin, politika publikoek bermatua; kalitatezko enplegua bermatzeko eta, alokairu publikoaren parke publikoa handituz, etxebizitza eskubidea egikaritzea ahalbidetzeko.