AKTUALITATEA


| 2022-02-21 12:54:00

EH Bilduk Urkulluren Gobernuaren Gazteria Legearen aurkako botoa emango du bihar Legebiltzarrean, “lege horren lehentasuna, gezurra badirudi ere, ez garelako gazteak”, Eraitz Saez de Egilazek salatu duenez. Bere iritziz, Jaurlaritzaren lege proiektuak “ez dio behar bezala erantzuten gazteon momentuko errealitateari, ez du erantzun integral bat zehazten gazteon behar eta desira berezituen aurrean. Anbizioa falta zaio, anbizioa gazteon nahi eta beharrak lehen plano politikoan jartzeko, egoera eraldatzeko eta salto kualitatibo bat emateko. Erantzun, neurri eta erabaki berriak legez martxan jartzeko aukera galdu du Urkulluren Gobernuak”.

Saez de Egilazek azaldu duenez, “gure proposamen batzuk oinarrizkoak ziren, egiturazkoak diren arazoei heltzen zietelako, hala nola emantzipazioa eta etxebizitza duin bat eskuratzeko zailtasunak, lan prekarietatea eta aisialdia, baina guztiak geratu dira lege honetatik kanpo, negoziatzeko aukera erreal bat egon ez delako”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, “legea guztiz lausoa da; ez ditu ez mekanismoak, ez neurriak zehazten teorian lortu beharreko helburuak lortzeko, eta defizit horrek ezerezean uzten ditu legean jasotako asmoak eta helburuak, egokiak izanda ere, horiek lortzeko bidea ez delako marrazten testuan zehar. Esaterako, legeak emantzipazio adina jaistea du helburu, baina ez ditu hori gauzatzeko tresnak zehazten”.