AKTUALITATEA


| 2020-04-22 19:23:00

EH Bilduk ekimen parlamentarioa iragarri du Jaurlaritzak gaur aldizkari ofizialean argitaratu duen kontziliazioa errazteko programa alda dezan, programa horrek ez duelako balio teorian duen helburua behar bezala betetzeko, hau da, pandemiaren ondorioz seme-alabak edo mendeko pertsonak zaintzearren lantokian eszedentzia hartu behar izan duten langileei laguntzea. Lehenik eta behin, Nerea Kortajarenak atzerapena kritikatu du: “Ikastetxeek 40 egun baino gehiago daramatzate itxita eta gaur arte Lakuak ez du argitaratu laguntza hori eskatzeko tramiteak egitea ahalbidetzen duen agindua. Oso berandu dator neurria”.

Gainera, Gobernuak ez du salbuespen egoera aintzat hartu eta betiko ereduari eutsi dio: eszedentzia edo lanaldiaren murrizketa amaitu eta sei hilabetera kobratuko da laguntza, “eta horrek –ohartarazi du Kortajarenak­– esan nahi du laguntza ahalmen ekonomikoa duten familiek bakarrik jaso ahalko dutela, ahalmen ekonomikoa behar delako hilabetetan diru-sarrerarik gabe egoteko. Beraz, zailtasun ekonomikoak dituzten kolektiboak kanpo uzten ari da Jaurlaritza bere planteamenduarekin”.

Hori dela eta, EH Bilduk Jaurlaritzari egiten dion eskaria zehatza da: bat, laguntza horien ordainketa modua alda dezala, familiek dirua eskaria onartu bezain laster jaso dezaten, sei hilabetez itxaron beharrik gabe; bi, partida ekonomiko nahikoa berma dezala dirua iritsi dadin laguntza horien beharra duten familia guztiengana, eta, hiru, laguntza eskatzeko aukera egon dadila 16 urte bitarteko seme-alaben zaintzarako.