AKTUALITATEA


| 2022-06-15 14:46:00

EH Bilduren iritziz, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) atzo aurkeztu zuen txostenak (‘Zenbat kostatzen den haurrak haztea Euskadin 2022’) argi eta garbi frogatzen du premiazkoa dela egun indarrean dagoen familia prestazioen sistema publikoa indartu eta hobetzea, hain justu Nerea Kortajarenak bihar bertan Legebiltzarrean proposatuko duena, mozio baten bitartez. “Save the Children-en txostenak agerian utzi du Urkullu lehendakariak Demografia Erronkaren Estrategiaren baitan iragarritako neurri nagusia (hilean 200 euroko diru-laguntza bat seme-alaba bakoitzeko 3 urte bete arte) oso motz geratzen dela”.

Aipatutako txostenaren arabera, seme-alaben mantenua %19 igo da lau urtean eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 29.000 familiak ezin dute ordaindu. Areago, mantenua gero eta garestiagoa da seme-alabek 3 urte bete ostean. “Hau da, kosteak are handiagoak direnean, 3-18 adin tartean, Jaurlaritzak ez du inolako laguntza berririk planifikatu familientzat”.

Bada, EH Bilduren mozioak, Legebiltzarrean bihar eztabaidatuko duenak, Save the Children-ek ere egiaztatu duen familien errealitate horri nahi dio, urtea amaitu aurretik Urkulluren Gobernuak prestazio sistema unibertsal berri baterako proposamen bat ekar dezan. Halaber, Kortajarenak azaldu duenez, mozioak gaur egun nagusitzen ari den familia laguntzen eredu inkoherente eta zatikatua gainditu eta eredu oso, ikusgarri eta koherente baterako proposamena du helburu. Hala, bihar proposatuko du, besteak beste, seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza era progresiboan 18 urte bete arte luzatzea; zerga-kenkariek egun duten izaera erregresiboa gainditzea, eta errenta baxuak dituzten familiek zerga onurak eskuratzeko dituzten oztopoak ezabatzea.