AKTUALITATEA


| 2022-10-06 14:41:00

EAJk eta PSOEk Ikus-entzunezko Komunikazioaren Legea onartu zuten pasa den ekainean Madrilen. Hiru hilabete baino ez dira igaro eta gaur EAJk zein PSEk berau zuzentzea eskatu dute Gasteizko Legebiltzarrean, haiek bultzatutako lege horrek euskal produktore independenteei eragiten dien kalteaz konturatu direlako orain, EH Bilduk legearen ondorio negatiboez ohartarazi dienean. “Atzera egin nahi duzue urrian, ekainean baietza eman eta gero? Hau ez da serioa”, leporatu die Jasone Agirrek.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, EAJk eta PSOEk onartutako legearen arabera, “plataforma eta konpainia handiekin lotutako produktoreak independentetzat hartuko dira eta, horren ondorioz, Europa eta Estatuko finantzazio guztia Mediaset eta Atresmedia duopolioaren esku geratuko da”, eta, horrek, normala denez, “hautsak harrotu ditu Espainiako produktore independenteen artean; eta Espainiako produktoreak lege horrekin izututa badaude, orduan, zer esan hemengoez”.

Izan ere, ohartarazi du Agirrek, lege horrekin finantzazioa konpainia handien esku geratzen bada, gero eta zailagoa izango da euskal produktoreek euskarazko produktuak ekoiztea, eta horrek, bistan da, UEMAk mahai gainean ipini berri duen arazoa nabarmen areagotuko du. “Gure gazteek plataformetan ez dute euskaraz ezer ikusten, batik bat ez dagoelako zer ikusi, euskal produkziorik ez dagoelako. ETB1ean ere ez dago. Azken hilabeteetan, esaterako ETBk 130 film eman ditu eta bakar bat ere ez euskaraz”.

Ez da hori, dena den, EAJk eta PSOEk onartutako legeak eragingo duen kalte bakarra, EITBren informazio zerbitzuak pribatizatzeko aukera mantentzen duelako, Agirrek salatu duenez. “ETBk, egia esateko, aspalditik ditu pribatizatuta ez eguneroko albistegi eta informazio saio guztiak, baina lege honekin eguneroko albistegiak ere pribatizatu, saldu egin litezke. Eta eroslea izan liteke Vocento, Mediaset zein beste edozein komunikazio talde haundi”.

Bada, hori guztia kontuan hartuta, EH Bilduk kontrako botoa eman zuen Madrilen legea onartu zenean, eta gaur Gasteizko Legebiltzarrak legea bera arbuiatzea eskatu du, “euskal produktore independenteei eragingo dien kalteagatik eta euskal komunikazio zerbitzu publikoa pribatizatzeko aukera erraztu egiten duelako, interes orokorra eta herri bezala oinarrizkoa den euskal komunikazio esparrua kolokan ipinita”. Hala ere, EAJk eta PSEk, euren legea zuzendu beharra aitortu arren, ez dute bat egin EH Bilduren mozioarekin.