AKTUALITATEA


| 2021-09-03 13:15:00

EH Bilduk lau zuzenketa partzial aurkeztu dizkio European University Gasteiz (Euneiz) sortzeko Jaurlaritzaren lege proiektuari unibertsitate pribatu horrek ez duela diru publikorik jasoko bermatzeko helburuarekin. Zehazki, federazio independentistak lau xedapen gehigarri erantsi nahi dizkio Gobernuaren jatorrizko testuari argi uzteko euskal unibertsitate sistema irabazi-asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik osatzen dutela eta, ondorioz, finantzazio publikoa ere irabazi-asmorik gabeko unibertsitateek bakarrik jaso ahalko dutela.

Ikoitz Arresek adierazi duenez, “Euneiz bezalako unibertsitate pribatu batek, irabazi-asmoa duenak, ezin dezake diru publikoa jaso, eta legeak argi utzi behar du”. Horretarako, gaur aurkeztu dituen lau zuzenketen bitartez, EH Bilduk Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea, 2004koa, puntu horri dagokionean aldatzea planteatzen du. “EH Bildun argi dugu euskal unibertsitate sistemak fakultate eta espezialitate guztiak eskaintzea positiboa eta beharrezkoa dela, eta horrek bultzada publikoa behar duela, betiere legediak eskatutako baldintzak betetzen direla ziurtatuta eta argi utzita irabazi-asmorik gabeko unibertsitatea izatea ezinbesteko baldintza izan behar dela diru publikoa jasotzeko”.

Zentzu horretan ere, zuzenketak aurkezteaz gain, EH Bilduk txosten juridiko berri bana egiteko eskatuko die Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari (Unibasq) Euneiz-en proiektuak aldatu berri den legedia betetzen duen aztertu eta argitu dezaten.