AKTUALITATEA


| 2021-10-27 13:54:00

EH Bilduk European University Gasteiz (Euneiz) sortzeko Jaurlaritzaren legearen kontra bozkatu du gaur, Euneiz bezalako unibertsitate pribatu bat, etekin ekonomikoak lortzea xede duena, ezin delako EAEko Unibertsitate Sistemaren parte izan eta ezin zaiolako finantzazio publikorik eman. EAJk, PSEk eta PPk babestu duten lege horrek, ordea, Euneiz Unibertsitate Sistemaren barruan txertatzen du, EHU, Mondragon eta Deusturen pare, eta diru publikoa jasotzeko eskubidea aitortzen dio.

Ikoitz Arresek azaldu duenez, EH Bilduk ez zuen bere garaian legearen tramitazioa eragotzi, baina lau zuzenketa aurkeztu zituen Euneiz-ek, irabazi-asmoa duen unibertsitate pribatua den heinean, ez zuela diru publikorik jasoko bermatzeko. “Euneiz bezalako unibertsitate pribatu batek, irabazi-asmoa duenak, ezin dezake diru publikoa jaso, eta legeak argi utzi behar du”. Hala ere, EAJk, PSEk eta PPk, bat eginda, atzera bota dituzte zuzenketa horiek eta, beraz, EH Bilduk ezezkoa eman dio gaur legeari. Edonola ere, Arreseren iritziz, “EAJ eta PSE garaiz daude oraindik euskal unibertsitate sistemaren finantzazio publikoa blindatzeko; garaiz daude, legea osoko bilkuran eztabaidatu eta onartu bitartean, gure zuzenketak onartzeko”.

EH Bilduko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, “Hezkuntzaren esparrua, oinarrizko eskubide den aldetik, ezin da enpresen onuraren eta irabazi asmoaren esparrua izan, eta, betiere, helburu horiek bilatzen dituzten proiektuak ezin dira inola ere funts publikoen bidez finantzatu”. Ildo horri jarraituz, “gure helburua Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzea da, etorkizunean unibertsitate sistema eta unibertsitate publikoaren finantzazioa blindatzeko, irabazteko asmoa duten unibertsitate pribatuen mehatxuen aurrean. Hau da, ez Euneiz, ez etorkizunean ezarri nahi den irabazi-asmoko beste unibertsitate pribatu bat ere, ez dadila EAEko Unibertsitate Sisteman sartu, eta, beraz, horrelako unibertsitateek ez dezatela finantzazio publikoa eskuratzeko inolako aukerarik izan".