AKTUALITATEA


| 2024-10-01 12:03:00

Joseba Diez Antxustegi EAJko bozeramaileak gaur goizean eginiko adierazpenei erantzunez, Nerea Kortajarenak eta Oihana Etxebarrietak berretsi dute “Estatuaren biktimak ordezkaritzarik gabe gelditu direla Gogoran EAJk eta PSEk horrela nahi izan dutelako”, Pilar Garaialderen hautagaitza bazterrean utzita. Hori da, azpimarratu dutenez, Gogoraren inguruan piztu den polemikaren muina, eta, horren harira, Garaialderen beraren hitzak ekarri dituzte gogora, honek Estatuaren biktimen “berbiktimizazioa eta diskriminazioa” salatu baitu.

Kortajarenaren iritziz, salaketa horrekin Garaialdek berak ongi baino hobeto azaldu ditu EAJren eta PSEren erabakiaren ondorioak, bai eta Maria Jauregik ere, honek txio batean laburbildu baitzuen Gogoran gertatutakoa, esanez Estatuaren biktimak erakunde horretan ordezkaturik egoteko aukera ona galdu egin dela. Jauregi, ETAren biktima, EAJk proposatuta sartu da Gogoran EH Bilduren aldeko botoarekin.

Diez Antxustegi EAJkoaren akusazioei erantzunez, Etxebarrietak esan du “onargaitza dela haren ahotan entzun duguna, egiaz eta gezurraz ari zela, instituzioak ulertu eta aulkiak banatzeko duten ohitura txarra azaleratu baita”. Izan ere, EAJk eta PSEk erabaki zuten Gogorako Zuzendaritza Kontseiluan PSEk, EH Bilduk baino 15 legebiltzarkide gutxiago dituen arren, bi aditu izendatuko zituela, eta koalizio abertzaleak bat bakarrik. Hori horrela, Etxebarrietak “Legebiltzarreko gehiengoak mespretxatzea” leporatu dio, bai eta “informazioa eta haren karguaren mailan ez dagoen argudiategi bat modu gaiztoan erabiltzea” ere. Alde horretatik,  “EAJ bezalako alderdi baten bozeramaileak, bere posizio politikoa markatzeko, solasaldi pribatuetan oinarritu behar izatea ikaragarria iruditzen zait”, erantsi du Nerea Kortajarenak.