AKTUALITATEA


| 2021-06-16 15:43:00

Txertaketa kanpainak hartu duen erritmoa aintzat hartuta, EH Bildu espazio irekietan maskara erabiltzeko obligazioa berraztertu eta arintzearen alde agertu da, eta Rebeka Uberak hala proposatu dio Gotzone Sagardui Osasun sailburuari azken honek Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Fernando Simonek espazio irekietan maskara erabiltzeko obligazioaren bukaera gertu zegoela esan zuen duela bi aste, Pedro Sanchezek horixe bera berretsi du gaur bertan eta EH Bilduko legebiltzarkideak ere neurri hori arintzeko garaian sartu garela uste du. “Orain arteko ebidentzia zientifikoetan oinarrituta, zer zentzu dauka maskara erabiltzea espazio irekietan, jende pilaketarik ez dagoen tokietan? Ez du zentzurik Urkulluk esatea kalean ere maskara luzerako daukagula; hainbat eremutan maskararen erabilera kentzeko garaia izan daiteke eta urrats bat eman beharko luke Jaurlaritzak”.

Horren ildotik, Uberak zentzugabetzat jo du datorren astean EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk onartuko duten Pandemiaren aurkako Legean maskararen erabilpena derrigortzea. “Legea guztiz gaindituta dago jada eta desfasaturik geratuko da ezarri beharreko prebentziozko neurriei dagokienean ere”.

Delta aldaera

Halaber, EH Bilduk koronabirusaren Delta aldaerari aurre egiteko proposamen bat egiteko baliatu du Sagarduiren agerraldia. Zehazki, aldaera hori erkidegora iritsi dela eta aldaera britainiarra baino askoz kutsagarriagoa dela kontuan hartuta, Uberak 61 eta 69 urte arteko adin tartean txertoaren bigarren dosia aurreratu dadila eskatu dio Osasun sailburuari, “etor daitekeenari aurrea hartu eta herritarrak ahalik eta hobekien babesteko”. Adin tarte horretan AstraZeneka txertoa erabili dela eta kasu horietan pauta osatzea funtsezkoa dela azaldu ostean, EH Bilduko legebiltzarkideak bigarren dosia aurreratzea beharrezkotzat jo du. Hala, bigarren txertoa jartzeko 12 astez itxaron ordez, epe hori laburtzea eta zortzigarren astean jartzea proposatu du, “hainbat tokitan egiten hasi diren moduan, Delta aldaeraren aurrean babes handiagoa izateko”.