EH Bilduk Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, “azal dezan nola izan den posible ikasturtea hastea ikasle guztiek eskola garraioa bermaturik eduki gabe”, Ikoitz Arresek esan duenez. Legebiltzarkideak gogorarazi du iaz Hezkuntza Saila eta garraio enpresak azken segundoan iritsi zirela akordio batera, eta, aurrekari hori kontuan hartuta, ulertezina deritzo “aurten Jaurlaritza garaiz eta behar bezala heldu ez izana auzi horri, azkenean gertatu dena saihesteko”. Bere iritziz, “argi dago eskola garraioaren gatazka Hezkuntza Sailaren planifikazio faltaren ondorio dela”.
Bildarratzena ez ezik, enpresen ordezkarien agerraldia ere eskatu du Arresek, “ikasturte hasiera honetan eskola garraioari dagokionean sortu den egoera kezkagarria dela eta, guztiz urgente eta garrantzitsua delako garraio enpresen iritzia eta proposatzen dituzten konponbideak ere ezagutzea”.
Halaber, enpresei zerbitzua ematen jarraitzeko aginduari oinarri juridikoa ematen dion txostena eskatu dio Hezkuntza Sailari, bai eta zerbitzuaren kostea kalkulatzeko eta justifikatzeko erabili duen azterketa ekonomikoa ere.