AKTUALITATEA


| 2022-09-14 13:15:00

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak gaur Legebiltzarrean aurkeztu duen Energiaren Kontingentzia Planak, ustez egungo krisi energetikoaren ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen balio behar duenak, ez du balio izango epe laburrean gasaren kontsumoa jaisteko eta elektrizitatea aurrezteko, Europar Batasunak eskatu bezala, ez duelako neurri zehatzik planteatzen helburu horiek lortzeko. Mikel Oterok Tapiaren planaren edukia kritikatu du horregatik, “ez dagoelako egungo beharrei egokitutako benetako plangintza bat”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, planaren oinarrian dagoen begiradan dago arazoa: “Eztabaida ez da eraginkortasun energetiko orokorrari buruzkoa, edo Jasangarritasun Energetikoaren Legea betetzen den ala ez, edo datozen urteotan energia berriztagarriak garatzeko proiektuak dauden ala ez; orain eztabaidagaia da zer nolako neurriak hartuko ditugun datozen hilabeteotan gasaren kontsumoa jaisteko eta elektrizitatea aurrezteko, baina planak ez ditu neurriak mahai gainean jartzen, ez dago epe laburrean aurrezteko neurri zehatzik. Gobernu espainolak lege-dekretu bat onartu zuen abuztuaren 1ean eta Jaurlaritza horretara mugatu baino ez da egiten, ez doa haratago”.

Plana lantzeko Lakuak erabilitako metodologia ere salatu du Oterok, ez duelako aukerarik eman talde parlamentarioen ekarpenak eta proposamenak publikoki eztabaidatu eta onartzeko, dokumentuan txertatze aldera. “Metodologia ez da parte-hartzailea izan. Gobernuak berak egin du plana, bere kabuz; posta elektroniko bat baino ez zaigu bidali proposamenak egin ahal izateko, gero Gobernuak erabakitzeko zeintzuk hartu eta zeintzuk ez. Hori ez da metodologia parte-hartzaile bat”.